AKTUALITATEA / Etxebizitza
Beste desalojo bat Gasteizen: Fournier fabrika hustu du Poliziak
50 polizia bertaratu dira sei pertsona kanporatzeko; Maider Etxeberria alkatea ere bertan izan da desalojoan. Aurreko astean, URSSA eta EGA fabriketan egin zuen beste interbentzio bat Poliziak.
2026eko ekainaren 4 - 10:57
Beste desalojo bat Gasteizen: Fournier fabrika hustu du Poliziak
— ARGAZKIA Gasteiz Hoy

Gasteizko (Araba) Fournier fabrika hustu dute goizean Ertzaintzak eta udaltzainek: El Correo-ren arabera, 50 polizia-agente inguruk parte hartu dute operazioan, eta kale gorrian utzi dituzte eraikinean bizi ziren pertsonak. Hala Bedi-k zehaztu duenez, sei lagun kanporatu ditu bertatik Poliziak; badirudi epaile batek eman duela agindua.

Goizeko 09:00ak aldera hasi da desalojoa, eta hainbat lekukok Hala Bedi-ri jakinarazi diote Maider Etxeberria (PSE) alkatea ere bertan egon dela. 

Maiatzaren 27an, beste esku-hartze polizial erraldoi bat izan zen Arabako hiriburuan: URSSA eta EGA fabriketara bertaratu ziren Gasteizko udaltzaingoa, Ertzaintza eta Espainiako Polizia, eta banan-banan kanporatu zituzten bertan bizi diren 120 pertsona inguru. Dena den, ez dago desalojo-agindurik indarrean, eta arratsaldean eraikinetara bueltatu ahal izan ziren.