AKTUALITATEA / Errepresioa
Berangoko auzipetuen epaiketa: "kolaboratzaile" ezezagunak eta galderaz betetako txosten polizialak
Gaur hasi da hamasei lagunen aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean, 36 urtetik gorako kartzela-zigor eskaerekin, 2022an Ibai Aginaga preso politikoari egindako harreragatik. Vox, Villacisneros Fundazioa eta Dignidad y Justicia elkartea dira akusazioak, eta dozena bat poliziak deklaratu dute gaur. Ongietorriaren egunean, Ertzaintzak, Espainiako Poliziak nahiz Guardia Zibilak ezarri zituzten kontrol-dispositiboak.
2026eko ekainaren 8 - 13:17
Berangoko auzipetuen epaiketa: "kolaboratzaile" ezezagunak eta galderaz betetako txosten polizialak

Goizeko 09:30erako, Berangoko (Bizkaia) auzipetuei elkartasuna adierazteko bi pankarta irakur zitezkeen Auzitegi Nazionalaren parean: dozenaka pertsona bertaratu dira, 2022ko martxoaren 13an Ibai Aginaga preso politikoari Berangon egindako ongietorriagatik auzipeturik dauden hamasei lagunei babesa emateko. 10:00ak igarota hasi da euren aurkako epaiketaren lehen saioa, eta ongietorria zela-eta esku hartu duten hiru polizia-indar nagusiek hitz egin dute lekuko modura Fernando Andreuk gidatutako aretoan: Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak, alegia. Ekainaren 15ean jarraituko dute judizioarekin.

Dozena bat agentek deklaratu dute gaurko goizean zehar, "terrorismoari gorazarre egitea" leporatzen dieten pertsonen aurkako frogak aurkezteko: ekitaldiaren deialdiaren berri nola izan zuten eta horren aurrean nola jardun zuten azaldu dute, martxoaren 13ko kontrol-lanak zehaztuz; zainketa-lanak, jarraipenak... Dena den, batik bat, Guardia Zibilak egindako txostenak eta interbentzioa egon dira erdigunean gaurko saioan.

Deklarazioek aurrera egin ahala berretsi da, bere momentuan, salaketa bat aurkeztu zela ongietorriaren deialdiaren harira, eta horregatik esku hartu zuela 2. Instrukzio Auzitegi Zentralak. Harrera-ekitaldia baimenduko zuela ebatzi zuen auzitegi horrek, baina zainketa-operatiboak antolatzera bideratu zituen bai Guardia Zibila, bai Espainiako Polizia, bai Ertzaintza. Horiek horrela, hirurek ipini zituzten kontrol-dispositiboak ongietorria izan zen egunean. Ertzaintzak gaineratu du Berangoko Udala ere jarri zela berekin harremanetan ekitaldi bera zela-eta.

"Kolaboratzaile" batek emandako informazioa eta euskarri ofizialik gabeko frogak

Hiru akusazioek (Vox alderdia, Dignidad y Justicia elkartea eta Villacisneros Fundazioa) ez diete apenas galderarik egin lekukoei. Auzipetuen defentsak, ordea, hainbat elementu jarri ditu mahai gainean, batez ere guardia zibilei egindako galderen bitartez. Abokatuetako batek nabarmendu du auzipetuetako batzuek ongietorrian egindako "diskurtso" batzuk direla euren aurkako froga nagusia, baina Guardia Zibilak ez duela ustezko hitzaldi horien grabaziorik edo transkripziorik erakutsi prozesu judizialean. Guardia Zibilak berak "diskurtso" horien inguruan egindako itzulpen laburtu batzuk dira aurkeztutako euskarria, antza denez.

Guardia zibilen ikerketa-txostenetan egiten diren hainbat baieztapen jarri ditu zalantzan defentsak, baita informazio-iturriak ere. Guardia zibil batek baino gehiagok adierazi dute haiek ez zirela ongietorria izan zen tokira sartu eta "kolaboratzaile" bati esker dituztela hainbat informazio, hark helarazi zizkielako, baina ez dute argitu ustezko informatzaile hori agente bat den edo ez. Guardia zibiletako batek esan du, bestalde, hamar baino gehiago izan zirela martxoaren 13ko kontrol-operatiboan, baina abokatuetako batek azpimarratu du txosten batean ere ez dagoela parte hartu zuten agente horien konstantziarik.

Hainbat antolakunderen jardun politikoa eta "Ezker Abertzalearen disidentzia" hizpide

Lekuko modura deklaratu duten guardia zibilek euren ikerketa-lanak azaltzean, Euskal Herriko hainbat kolektibo politiko jarri dituzte jomugan: Tinko antolakundea, Jardun Koordinadora eta Gasteizko Elkartasun Komitea (GEK), hain zuzen ere. Ibai Aginagaren jarrera politikoa ere nabarmendu dute. "Ezker Abertzalearen disidentziatzat" hartu dituzte, xehatuz "Ezker Abertzale ofiziala" berehala "desmarkatu" zela Berangoko harrera-ekitalditik eta 2022an EPPK-k ohar bat kaleratu zuela, aurrerantzean, ongietorriak "intimitatean" eta "parafernaliarik gabe" egin zitezen.

Guardia zibilek aipatzen zituzten xehetasunen artean, auzipetu batzuek martxoaren 13an izandako parte-hartze zehatzaz aritu dira, besteak beste, aulkiak mugitzea edo pankartak jartzea egotziz. Harreran amnistiaren aldeko banderolak ikusi zirela ere seinalatu dute, sinbolo hori "ilegalizatutako Amnistiaren aldeko Batzordeena" dela esanez.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/GedarLangileKZ/status/2063883404853051694