AKTUALITATEA / Jazarpen politikoa
Aste Nagusirako ekimenei ekin die Luberrik, konpartsetan parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatuz
Joan den asteburuan izan dira lehen egitarauak, Bada Garaia Eguna tartean. Beste konpartsa batzuekin elkarlanean antolatu ditu jaietarako ekimenak, besteak beste, Luberri Eguna datorren ostiralerako, eta federazioan parte hartzeko duen eskubidearen aldeko sinadura-bilketa bat ere badauka martxan.
2026eko abuztuaren 24 - 06:49
Aste Nagusirako ekimenei ekin die Luberrik, konpartsetan parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatuz

Hasi da Bilboko (Bizkaia) Aste Nagusia, eta, horrekin batera, Luberri Konpartsaren ekimenak. Hiru urte baino gehiago pasatu dira Luberrik Konpartsen Federakundearen parte izateko lehen eskaera egin zuenetik, baina bere aurkako beto politikoa mantentzen dute bertan. Horiek horrela, berriz erreibindikatu du konpartsetan normaltasunez parte hartzeko duen eskubidea, eta, trabak traba, hainbat ekimen prestatu ditu Aste Nagusi honetarako ere. Jai-gune propio bat izateko aukera ukatuta izanda, kaleak hartuta nahiz beste konpartsa batzuekin elkarlanean egingo ditu egitarauak.

Aurreko astean aurkeztu zituzten aurtengo ekimenak Luberriko kideek, eta nabarmendu zuten urte honetan inoiz baino ahots gehiagok eskatu dutela egoera zentzugabe honi, behingoz, konponbidea emateko. Ekainaren hasieran, 450 artistak baino gehiagok sinatutako manifestu baten berri eman zuen Bada Garaia ekimenak: besteak beste, Luberrik Bilboko Konpartsetan parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatu zuten ehunka sinatzaileek. Bi hilabete beranduago, ordea, egoera berean jarraitzen dutela salatu dute konpartsatik.

Luberriren esanetan, Bilboko Konpartsak sortu zirenetik herri-mugimenduko dozenaka eragilek federakundean parte hartu duten bezala, Luberrik ere badu bertan parte hartzeko eskubidea. "Parte hartzeko irizpide guztiak betetzen dituen konpartsa bati bere eskubidea sistematikoki ukatzen zaion bitartean, nekez hitz egin daiteke jai ireki, anitz eta parte-hartzaileez", Luberriko kideek zorrotz salatu dutenez. Konpartsak hainbatetan seinalatu du bazterketa horri eusteak Bilboko ehunka gazte konprometitu uzten dituela jaietatik kanpo, eta kolokan jartzen duela Bilboko Konpartsen jatorrizko izaera.

Luberrik Bilboko Konpartsen parte izateko duen eskubidea erreibindikatzeko, sinadura-bilketa bat dago martxan joan den maiatzetik, eta babesa jasotzen segitzen du. Aste Nagusian zehar ere bilduko dituzte sinadurak Luberriko kideek, horretarako hainbat postu jarriko baitituzte kalean.

Bihar jarraituko dute ekimenekin, eta ostiralean izango da egun handia: Luberri Eguna

Hainbat konpartsaren elkartasunari eta elkarlanari esker, Luberrik jaietarako ekimen ugari antolatzea lortu du aurten ere, eta hainbat gunetan izango dira horiek. Joan den asteburuan ekin diote festari Bizkaiko hiriburuan, eta orduan hasi dira Luberriren ekitaldiak ere. Larunbatean, arratsalderako ipini zuen hitzordua Someran, kalejira batean batuta Arriagara hurbiltzeko eta txupinari eta Mari Jaiari ongi etorria emateko. Atzo, berriz, Bada Garaia Eguna ospatu zuten: poteo-olinpiada musikatu bat egin zuten lehenengo, Bidaide tabernatik abiatuta, eta Arriaga plaza hartu zuten horren ostean, Luberri Konpartsak ere leku propio bat izan behar duela aldarrikatzeko. Musika-emanaldiak izan ziren bertan: Sembrando Kaos, 48280, Kalipotxo eta DJ Salda Dago aritu ziren. 

Gaur atseden bat egin ondoren, bihar, asteartez, jarraituko dute egitarauek: pasa-poteoa izango da lehenengo, 19:00etan Kaixo gunetik hasita, eta Eguzkizaleaken bokadilloak jateko aukera egongo da gero. Gauerdiko 00:30ean, Malakiasek eskainiko du kontzertu bat Teilape gunean. Hurrengo egunean, asteazkenean, Triangunen batzera deitu du Luberrik, D'Caprichoren kontzertu bat izango baita 20:00etan. Ostegunean, gainera, Teilape gunera itzuliko da Luberri, 20:00etan hasita, Treverb arituko baita bertan kontzertua ematen.

Egun potoloa, baina, hurrengo ostiralean izango da, abuztuaren 28an: Luberri Eguna. Arratsaldeko 15:00etan ekingo diote egitarauari Askapeña Konpartsan, bazkari jendetsu batekin. Bazkaloste musikatua izango da horren ostean, DJ Rebelion en la Ganjaren eskutik, eta 21:00etan hasiko da kontzertua. Aurtengoan Derrumbe, Kunbialari eta DJ Pizzkolabizek girotuko dute gaua, Aste Nagusiari aldarri irmo batekin amaiera emanez.