Skip to Content
AKTUALITATEA / Errepresioa

Aske utzi dute Santi Gonzalez abokatua, baina ikerketapean dago "antolakunde kriminal" bateko kide izatea leporatuta

Arratsaldean, hari elkartasuna adierazteko elkarretaratze bat izan da Portugaleten. Pertsona etorkinen erregularizazio-prozesuan egindako lanari lotuta atxilotu eta inkomunikatu zuten atzo, eta material profesional ugari kendu diote ikerketa polizialerako.
2026eko azaroaren 18 - 19:24
Aske utzi dute Santi Gonzalez abokatua, baina ikerketapean dago "antolakunde kriminal" bateko kide izatea leporatuta

AKTUALITATEA

Gaur arratsaldean utzi dute aske Santi Gonzalez abokatua, 24 orduz baino gehiagoz Espainiako Poliziaren Bilboko komisarian inkomunikatuta egon ostean. Atzo atxilotu zuten bere etxean, eta miaketak egin zituzten bertan eta lanerako erabiltzen dituen bi bulegotan, Portugaleten eta Eibarren. Pertsona etorkinen erregularizazio-prozesuan egindako lan profesionala dela-eta jo dute bere kontra: "antolakunde kriminal" bateko kide izatea, immigrazio ilegalari bide egitea eta dokumentuak faltsutzea egotzi dizkiote, eta aske geratu den arren, ikerketapean dago gaur-gaurkoz.

Epailearen aurrean deklaratu ondoren, hark ez du Gonzalezen kontrako neurririk eskatu, eta aske utzi dute. Hala ere, bere jardun profesionalari lotutako material ugari konfiskatu du Poliziak miaketetan, eta ikusteke dago ikerketa polizialaren bilakaera.

Atxilotuarekin elkartasunez, mobilizazio-deialdi bat egina zegoen gaur arratsalderako, 18:00etan Portugaleteko plaza nagusian: Gonzalezen askatasuna galdegitearekin batera, Atzerritartasun Legeari ezetz esatea zuen helburu deialdiak. Bada, azkenean Santik berak ere izan du Ezkerraldea Antifaxistak antolatutako kontzentraziora bertaratzeko aukera, eta hainbat eta hainbat pertsona elkarretaratu dira "elkartasuna ez dela delitua" aldarrikatuz.