Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak erantzun egin die Joseba Asiron (EH Bildu) alkatearen adierazpenei. Izan ere, Cadena SER-en egindako elkarrizketa batean, sanferminetan etxegabetzeen aurka jota bat abesteagatik hiru pertsonari jarritako 1.800 euroko isunak eta Iruñeko udal-gobernua bereizten saiatu zen Asiron. Bere hitzetan, "alkateak ez du isunik jartzen, ezta kentzen ere"; baina sindikatuak azaldu duenez Iruñeko Udalak "rol aktibo eta politikoa" izan du prozeduran. Izan ere, EH Bilduko zinegotzi batek zuzendutako Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzarako Zinegotzigoa da zigor administratiboa hastea eta tramitatzea erabaki zuen organoa, Iruñeko Udaltzaingoaren salaketaren ondoren.
"Alegazioak jar ditzatela"
Alkatearen diskurtsoan, nahita egindako kontraesan bat zegoela salatu du sindikatuak. Asironek "herritar gisa" adierazi zuen zigortuek alegazioak aurkeztea nahi duela, baina kolektiboak esan du dagoeneko "hiru helegite" aurkeztu dituela eta lehenengo biak "atzera bota" zituela "udalaren defentsak berak". Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, "alkateak ez daki, edo nahita uzten du alde batera, hiru errekurtso aurkeztu direla". Udalaren defentsak lehen bi helegiteak atzera bota izanak erakusten du, sindikatuaren ustez, udala ez dela soilik udaltzaingoaren kudeaketaren arduraduna, baizik eta "epaile eta partaide" gisa jokatu duela sanferminetako prozesioan egindako kritika politiko bat zigortzeko prozesuan. Horregatik, zigorra kentzeko eskatu dio: "Bere esku dago".
Erantzukizun politikoa seinalatzea
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gogorarazi du, "epaile eta partaide gisa" zigor-prozeduran parte hartzeaz gain, udalak udaltzaingoaren gaineko "erantzukizun politikoa" duela. X sare sozialean, dena den, erantzukizun oro saihesten saiatu da Asiron: "Alkate honek EZ DU ISUNIK JARTZEN EDO KENTZEN, eta besteren batek egin badu, hori jada iraganeko kontua da. Ez dizkiot [isunak] neure buruari kendu ere, jarri dizkidatenean".
Sindikatuko iturriek diote, batetik, "erantzukizun politikoa agerikoa dela, eta gobernatzen duenak gobernatzen duela, ordezkari politikoa seinalatzen dela beti". Gaineratu dute Ezker Abertzalearen beraren jarduteko modu ohikoa dela horixe, eta Asironek berak 2022ko sanferminetan Curia kalean izandako gertakarien ostean egindako adierazpenak ekarri dituzte gogora. Protesta horiengatik hainbat pertsonari ezarri zizkieten zigorren aurrean, alkateak Navarra Sumaren erantzukizun politikoa azpimarratu zuen eta honako hau esan zuen: "Hiritarrok eta taldeok elkarbizitzarako baldintzak hobetzeko lan egitea eskatzen dugun bitartean, Na+, Mozal Legearen babesean, errepresioaren makineria aktibatzen ari da. Honakoak isun politikoak dira".
Gainera, zigor-espedientean errepresioaren izaera politikoa aipatzen duten hainbat elementu daudela ohartarazi du sindikatuak. Zehazki, espedienteak justifikatu egiten du zigorra, pankartaren mezu politikoak ordena publikoan "aldaketa eta haserrea" eragiten zituela argudiatuz. Hona hemen laburpena:

Mozal Legea eta EH Bildu
Nahiz eta kasu batzuetan Mozal Legearen aplikazioa salatu, Curiako gertakarien adibidean edo Ezker Abertzaleko gazte-antolakundeak (Ernai) jasandako errepresioaren aurkako kanpainan kasu, Iruñeko Udalak, oraingo honetan, Mozal Legea aplikatu du udalaren aurkako protesta-ekintza bat zigortzeko. Jota aldarrikatzaile horretan, aste batzuk lehenago hirian izandako legez kanpoko bi etxegabetzeren erantzukizun instituzionala, poliziala eta judiziala salatu ziren.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak oroitarazi du EH Bilduk berak 2024an akordio bat iragarri zuela, ustez "Mozal Legearen artikulu batzuk indargabetzeko". Aldaketa horiek ez dituzte ezarri oraindik, dena den. Teorian Mozal Legearen aurka agertu arren, gerora, EH Bilduren udalak ez du zalantzarik egiten lege hori helburu errepresiboekin aplikatzeko. Are gehiago: Espainiako Barne Ministerioaren azken datuen arabera, isunek %38 egin dute gora Nafarroan, milioi eta erdi inguruko zigorrekin.
Murrizketak sanferminetan: PSNren eta EH Bilduren arteko ituna "tentsio politikorik gabeko" jaien alde
Sanferminetako aldarrikapen politikoen aurkako gero eta presio handiagoaren barruan kokatzen da jotaren auzia. Izan ere, etxegabetzeen aurka abesteagatik jarritako isunez gain, iazko jaietan 50 pertsona identifikatu zituzten, bi atxilotu zituzten eta beste 8.000 euroko zigorrak jarri zituzten agitazio-lana egin nahi zuten kolektiboetako kide ugariren aurka. "Protestarako marjina murrizteak ez dio logika polizial bati erantzuten, erabaki politiko bati baizik", salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. PSNk eta EH Bilduk honakoa zioten 2025eko jaien harira sinatutako akordioan:
"San Fermin jaiak gure kulturaren eta hiri gisa dugun izatearen adierazpen eta ezaugarri garrantzitsuenetako bat dira. Horregatik, konpromisoa hartzen dugu tentsio politikorik eta bazterkeria-espaziorik gabeko sanferminen alde lan egiteko, guztionak eta guztiontzako izango diren jaien alde; azken batean, aurrera egiteko konpromisoa hartzen dugu, baita sanferminetan ere, denon arteko adiskidetasuna eta gozamena nagusi diren elkarbizitza-guneetan".
"Kriminalizazio gero eta handiagoko" egoera horren aurrean, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak JOTA-KE jaialdia antolatu du maiatzaren 23rako, Sanduzelaiko zubian. Iruinyard, Arepas eta Las de Kardo bezalako kolektibo artistikoekin batera antolatu du ekimena, errepresioaren aurkako erantzun solidarioa emateko eta artea instituzioen aurrean aldarrikapenak egiteko tresna gisa defendatzeko. Azkenik, sindikatuak zalantza egin du ea udalak aurten ere "irtenbide polizialen alde" egingo ote duen edo kaleetan kritika politikoa askatasunez adierazteko aukera emango duen.