AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
Algortan familia bat etxegabetu dutela salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
"Etxegabetzea familiak inolako alternatibarik izan gabe gauzatu zen. Instituzioek eskaini dieten bakarra hiru eguneko pentsio bat izan da", azaldu du Uribe Kostako sindikatuak.
2026eko maiatzaren 19 - 10:27
Algortan familia bat etxegabetu dutela salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
Etxegabetzeen aurkako protesta bat Uribe Kostan, iazko azaroan.

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, aurreko ostegunean, familia bat etxegabetu zuten Algortan (Bizkaia): "Emakume bat, bere semea, adineko aita gaixoa eta adingabeko alaba alokairuan 26 urtez bizi izan diren etxebizitzatik kanporatu zituzten". Kaleratze horren arrazoia argitu du, gainera: "Duela urtebete, emakumeak lana galdu zuen gaixotasun larri baten ondorioz. Hori dela eta, familiak ezin izan zion aurre egin ordaintzen ari ziren 890 euroko alokairuari. Etxebizitzaren jabea, egoeraren jakitun izanik, berehala hasi zen familiari presioa egiten". Eta presio horren emaitza, azkenean, familia kale gorrian uztea izan da.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu du familiak inolako bizitoki-alternatibarik izan gabe gauzatu dutela desalojoa. "Instituzioek eskaini dieten bakarra hiru eguneko pentsio bat izan da", jakinarazi du: "EAJ etxebizitzaren urgentziazko neurriez hitz egiten ari den bitartean, Getxoko Udalak ez die alternatibarik eskaintzen etxegabetuak izan diren familiei". Horiek horrela, erakunde publikoen erantzukizuna seinalatu eta udalari eskatu diote "kalitatezko alternatiba iraunkor" bat berma diezaiola Algortan kaleratua izan berri den familiari.

Horrekin batera, Etxebizitza Sindikatura batzeko eta bertan antolatzeko deia egin dute Uribe Kostako kideek, etxegabetze oro gaitzetsiz eta horiek guztiak "baldintzarik gabe eten" behar direla aldarrikatuz.