AKTUALITATEA / Langile kontrolpeko espazioak
7.000 euroko zigor-eskaerak Gasteizko Korda espazioa defendatu zuten lagunei
Iazko ekainean desalojatu zuten espazioa operazio polizial handi baten bidez; bi pertsona atxilotu zituzten eta bat zauritu zuten.
2026eko maiatzaren 8 - 08:27
7.000 euroko zigor-eskaerak Gasteizko Korda espazioa defendatu zuten lagunei
— ARGAZKIA Arabako Alea

2025eko ekainaren 4an hustu zuten Korda espazioa Gasteizko (Araba) Alde Zaharrean. Erresistentzia modura, gaua lokal barruan igaro zuten hainbat pertsonak, baina gauean bertan kalea itxi eta hamabi orduko operazioa martxan jarri zuen Ertzaintzak. Korda barruan zeuden 11 lagunak indarrez kanporatu zituen, haietako bat zaurituz, eta bi pertsona atxilotu zituen. 

Arabako Alea-k jakinarazi duenez, epaileak artxibatu egin du atxilotuetako baten kontra zabalik zegoen prozesu judiziala, delitu-zantzurik ez zegoela ebatzita. Poliziak identifikatutako gainerako kideen aurkako zigor administratiboek, ordea, bere horretan jarraitzen dute, eta oraintsu jaso dituzte zigor-eskaerak: 7.000 eurorainokoak dira. Protesta modura, eta jomugan dauden pertsonak babesteko, elkartasun-argazki bat aterako dute bihar, maiatzaren 9an: Gasteizko Bittori plazan jarri dute hitzordua, 12:30erako.