AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
500 bizilagun arriskuan Iruñean: Testak merkatu librera eraman nahi ditu ehunka Babes Ofizialeko Etxebizitza
Bere garaian Nafarroako Gobernuak adostu zuen babestutako etxebizitzak diruz laguntzen jarraitzea, baina orain horiek saltzea planteatzen ari da Testa Residencial enpresa. Antolatzen ari dira bizilagunak.
2026eko maiatzaren 12 - 06:44
500 bizilagun arriskuan Iruñean: Testak merkatu librera eraman nahi ditu ehunka Babes Ofizialeko Etxebizitza
Bizilagunen asanblada bat.

Espainiako Estatuko etxebizitza-jabe handienetakoa eta Nafarroako errentatzailerik handiena da Testa Residencial enpresa. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, orain, konpainiak merkatu librera eraman nahi ditu garai batean babes ofizialekoak izandako ehunka etxebizitza; babes-epea amaitu ondoren, Nafarroako Gobernuak etxe horiek diruz laguntzen jarraitu zuen, akordio batera iritsi ostean. Momentu honetan, beraz, pisu horietan bizi diren 500 bat pertsona daude arriskuan.

2020an, ehunka etxebizitza horiek eraiki eta 20 urtera, babes ofizialeko izaera kendu zieten. Etxabakoitz, Errotxapea, Sanduzelai, Buztintxuri eta Artikaberri auzoetan daude pisuak. Babesa amaitu baino lehen, 2018 inguruan, Madrilgo Testa Residencial enpresak erosketa masibo bat egin zuen auzo horietan, finantza-aktibo hutsak balira bezala, Europa osoan jarduten duen putre-funts nagusiaren (BlackStone) finantzaketari esker. Behin etxebizitzak eskuratuta, Grupo Larrabide bihurtu zen enpresaren ordezkari eta kudeatzaile bakarra Nafarroan, sindikatuak gogorarazi duenez.

Bestalde, 2020an, PSNk gidatutako Nafarroako Gobernuak (Geroa Bairen eta Unidas Podemosen babesarekin) gastu-muga handitzea ahalbidetu zuen aldaketa bat egin zuen, Testarekin akordio bat egin ahal izateko eta aipatutako etxebizitzak hurrengo zazpi urteetan diruz laguntzen jarraitzeko. Dirulaguntza hori lortzeko, BlackStoneren menpeko enpresak presioa egin nahi izan zuen, babes ofizialeko alokairuko etxebizitzetan maizterrei alokairuak 800 euroraino igota. Dirulaguntza hori enpresa pribatuaren poltsikoetara egindako diru publikoaren transferentzia zuzena izan zen, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatzen duen bezala.

Bizilagunak antolatzen ari dira hainbat auzotan

Une honetan, Etxabakoitz, Errotxapea eta Artikaberriko blokeetako zenbait bizilagun Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolatzen ari dira, eta auzo-batzarretan elkartzen hasi dira. Batzar horietan, etxebizitza horietako maizterrek pairatzen dituzten hainbat arazo jorratu dituzte: Testaren utzikeria jabe gisa (zazpi hilabetera arte konponketarik egin gabe egotea edo negu osoan zehar galdarak hondatuta edukitzea, besteak beste), bizilagunek ordaindu beharreko tasen igoerak eta alokairu-kontratuen klausulei lotutako hainbat kontu. Bizilagunei esker jakin da Testak ez duela asmorik alokairu-kontratuak berritzeko, eta maizterrek, etxebizitza erosi nahi izatekotan, lehenago hura utzi eta ondoren merkatu libreko prezioetan erosita soilik lortu ahalko luketela.

"Bai Testa Residencialek bai Grupo Larrabidek euren posizio pribilegiatua baliatzen dute blokeetako jabe eta kudeatzaile bakar gisa edozein antolakuntza forma hausteko", seinalatu du sindikatuak. Izan ere, etxejabeen komunitaterik ez dagoenez, enpresa jabea da blokeari buruzko erabakiak hartzen dituena eta informazioa transmititzeko bitartekari bakarra. Alokairu-kontratuak amaitzen joan ahala, etxebizitzak salgai agertzen ari dira Idealista bezalako higiezinen plataforma digitaletan. Ekintza horien aurrean, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du pisu horiek erosi egiten direla gero berriz saltzeko, etekin handiak lortuz, eta "horrek langile-klasea are babesgabeago uzten duela, hainbat pertsona eta familia etxebizitzarik gabe uzteraino".

Sindikatuak halako egoeren aurrean antolatzearen garrantzia azpimarratu du beste behin. "Arazo honek kaltetutako bizilagunen batasunak eta borroka kolektiboak aurrerapauso argia ekarriko lukete Testa Residencial bezalako etxejabe handiei aurre egiteko. Jabeen gehiegikerien aurrean: antolakuntza eta borroka", aldarrikatu du.