Duela bi aste inguru aurkeztu zuten Bilbon (Bizkaia) Bada Garaia, artistok denontzako jaien alde ekimena. Izan ere, Mugimendu Sozialistari Bilbon nahiz Gasteizen festetan parte hartzeko jartzen dieten debekuaren kontra, batzea erabaki dute hainbat artistak, haiek ere "jaien parte" direla eta kezkaz bizi dutelako Bilboko Konpartsetan eta Gasteizko Txosna Batzordean Mugimendu Sozialistako eragileei betoa ezarri izana.
Ekimenarekin batera, betoa gaitzesteko abesti bat eta bideoklipa aurkeztu zituzten. Kilikiren, Miruaren, Maixaren eta Malakiasen artean ondu dute kanta, eta dozenaka kulturgilek parte hartu dute bideoklipean: Anje Duhalde, Josu Zabala, Bernardo Atxaga, Neomak, Maruxak, Gari, Roberto Moso eta abar. Aste hauetan sare sozialetan argitaratu dituzten bideoetan ikusi denez, Bilboko eta Gasteizko txosnen sorreran parte hartu zuten hainbat kide elkarrizketatu dituzte Bada Garaia ekimenetik, baita gaur egun antolaketan aritzen diren hainbat pertsona ere, "jaien izaera herritar eta pluralaren ikuspegitik egoera honek zentzurik ez duela ikusarazteko".
Kafe Antzokia beteta eta 450 kulturgile baino gehiago konponbidearen alde
Bart jaialdia bat izan da Bilboko Kafe Antzokian, eta bertan aritu ziren betoaren aurkako kanta egin duten artistak. Sarrera guztiak agortuta, antzokia beteta jardun zuten musikariek. Azken kontzertuaren aurretik, hitza hartu zuten Javier Jorajuria J Martinako musikariak eta Maixak: "Jai herrikoiak behar ditugulako, artistontzako eta herritar guztiontzako ezinbesteko espazioak direlako, eta bertan denok egon behar dugulako". Konponbiderako deia egin zuten: Bilboko Konpartsei eta Gasteizko Txosna Batzordeari eskatu zieten kanpo utzitako eragileekin eseri daitezela eta "egoera honi amaiera eman" diezaiotela.

Eskaerarekin batera, gogorarazi zuten ehunka kulturgilek babestu dutela Mugimendu Sozialistak parte hartzeko duen eskubidea: 150 izan ziren duela bi urte, eta are gehiagok sinatu dute orain manifestu bat. "150 kulturgile asko dira. Bai. Baina hain da zentzugabea egoera, aurten 450tik gora batu garela. 450 kulturgile baino gehiago batu gara ozen esateko jaiak denontzat direla".
450 sinadura horien artean ageri dira duela bi urte babesa adierazi zuten izen nabarmen ugari, esaterako, Itziar Ituño, Fermin Muguruza, Joseba Sarrionandia, Josu Zabala eta Amets Arzallus; baita hamaika izen berri ere, tartean, Eñaut Elorrieta, Pantxoa eta Peio, Evaristo, Uxue Alberdi, Fermin Valencia, Toti Martinez de Lezea eta Miren Agur Meabe.
