Gaur da Iruñeko San Fermin jaietako lehen eguna. Aurtengo festetan ere dispositibo polizial erraldoi bat ezarriko dute, eta ikusteke dago zer ondorio ekarriko dituen horrek. Uztailaren 3an egin zuten Segurtasun Batzar bat gaiaren inguruan, eta bertan bildu ziren Endika Alonso (EH Bildu), Iruñeko Segurtasun zinegotzia; Inma Jurio, Nafarroako Gobernuko Barne sailburua (PSN); eta Alicia Etxeberria, Espainiako Gobernuko ordezkaria Nafarroan. Bertan egin zioten bide sanferminetarako polizia-dispositiboari: 2.700 agente arituko dira hurrengo egunetan.
Europa Press-ek jaso duenez, Espainiako Poliziako agenteak izango dira horietatik 950, Guardia Zibilekoak 700, Foruzaingokoak beste 700, eta Iruñeko Udaltzaingokoak 412. Gainera, Babes Zibileko 186 kidek jardungo dute. Aurreko ostiraleko bileraren ondoren, polizia-indarrek egiten omen duten "ahalegin izugarria" txalotu zuen Alicia Etxeberriak, eta gaineratu zuen Poliziari esker direla sanferminak "munduko festarik onenak" eta "seguruenak".
Ez Etxeberriak ez gainerako ordezkari politikoek ez zituzten aipatu, ordea, iazko sanferminetan jazarpen polizialak izandako ondorioak. Aurreko astean egin zuten agerraldi bat Iruñerriko herri-mugimenduko hainbat kolektibok, eta gogora ekarri zuten 2025eko sanferminetako lehen eguneko balantze errepresiboa: 50 pertsona identifikatu, beste hainbeste jipoitu eta bat atxilotu zuen Poliziak, ezein aldarri politiko isilarazteko esku-hartze polizial etengabean.