EFEMÉRIDES / Derecho al aborto

Urriak 8: 'Basauriko 11k' kasuaren hasiera

1976ko urriaren 8an, Poliziak Basauriko emakume bat atxilotu zuen, abortuak egin izana leporatuta.
Urriak 8: 'Basauriko 11k' kasuaren hasiera

Gaurko egunez duela 50 urte, 1976ko urriaren 8an, Poliziak Basauriko (Bizkaia) emakume bat hartu zuen atxilo, 1968. eta 1974. urteen artean abortuak egin izanaren kargupean. Biharamunean, herriko beste bederatzi emakume langile eraman zituzten polizia-etxeetara, arrazoi berdintsuengatik: abortatu izana, edo abortatzen lagundu izana. Prozesuan zehar gizon bat ere atxilotu zuten, "delitu" horretara eragitea leporatuta. Horrela, Basauriko 11en kasua hasi zen. Epaiketa lau aldiz atzeratu zen, eta 1982ra arte ez zuten ebazpena jaso.

Komisarian hiru egunez izan zituzten 33 eta 46 urte arteko emakumeak, inkomunikatuta. Etxeko andreak eta langileak ziren, eta ardurapean, haurrak eta umeak zituzten horietako askok. Baldintzapean aske gelditu ziren azkenean, epaiketaren dataren esperoan. 1979ko maiatzaren 31rako finkatu zuten data, Bilboko (Bizkaia) Probintzia Auzitegian. Ordu hartan sei hilabetetik 60 urtera arteko kartzela-zigorrak eskatu zituen fiskaltzak, baina azkenerako epaiketa ez zen egin, kalifikazio faltagatik.

Beste hirutan atzeratu zuten epaiketa, eta 1982ko martxoan ekin zioten auziaren azken txanpari. Defentsak ezinezko delitua (haurdunaldia ezin zelako frogatu) eta behar egoera argudiatu zituen, baita emakume horiek ezin izan zituztela antisorgailuak erabili ere. Izan ere, nabarmena zen emakume langileen eta dirudunen arteko aldea: azken horiek, abortatu nahi zutenean, Londresera (Ingalaterra) bidaiatzen zuten maiz. Beharginek, ordea, ezin zuten halakorik ordaindu. Hala, martxoaren 25ean, hamar emakumetatik bederatzi absolbitu zituzten; ustez eurek lagundu zituen gizonezkoak hilabeteko kartzela-zigorra jaso zuen, baina epe hori prebentziozko kartzelaldian pasatu zuenez, kondena betetzat jo zen. Abortuak egin zituen emakumeari hamabi urte eta hamar hilabeteko kartzela-zigorrak ezarri zizkioten. Urtebete beranduago, ordea, abortu delituagatiko fiskaltzaren helegitea onartu zuen Auzitegi Gorenak; eta, azkenerako, lau emakume absolbitu zituzten, baina beste bostei kartzela-zigor eta isun-ekonomikoak ezarri zizkieten. Dena dela, ez zituzten kartzelan sartu.

Urte horietan zehar, milaka lagunen babesa jaso zuten Basauriko 11ek; bai Bizkaian bertan, bai estatuan barrena, bai nazioartean. Hala, kaleak hartu zituzten abortu eskubidearen, antisorgailuak izateko aukeraren eta amnistiaren aldeko aldarriek. Prozesu osoan zehar estigmatizazio handia pairatu zuten Basauriko 11ek, ordea, baita Emakumeen Aldeko Eskubideen aldeko mugimenduetako kideek ere: atzetik izan zituzten, hain zuzen, "bizitzaren aldeko" talde katoliko antiabortistak.

Abortuaren hautuagatik galdetuta, emakume langile horiek haien bizi-baldintza txarrak, osasun-egoerak, seme-alaben kopurua eta antisorgailuak legalak ez izatea alegatu zuten. Hori horrela, auziak eztabaida publikora eraman zuen emakumeek diktadura frankistan eta Trantsizioko lehen urteetan zehar bizi izandako egoera. Hain zuzen ere, haienganako zigor-delitu esklusibo batzuk existitzen ziren, hala nola abortua, prostituzioa eta adulterioa; eta, gainera, erabat azpiratuta bizi ziren. Esate baterako, ezin zuten etxetik 25 urte izan arte alde egin, ezkondu ezean; eta aitaren (edo anaiaren) baimena behar zuten hainbat zereginetarako: kargu bat hartzeko, ezkontzeko edo kontu korronte bat irekitzeko, adibidez. Hala eta guztiz ere, kasu hark eta aldi berean piztu zen borroka-grinak bere emaitzak eman zituen: 1985ean onartu zen Abortuaren Legea Espainiako Estatuan, eta berau partzialki despenalizatu zuen: abortua legez onartu zuten, baina, beti ere, "emakumeen osasuna arriskuan" baldin bazegoen.