Infiltrazio poliziala eta indar errepresiboak zuritzeko beste film bat sortu dute Espainiako Estatuan, Un fantasma en la batalla, eta atzo eman zuten Donostiako (Gipuzkoa) Zinemaldian, lehiaketako sortatik kanpo. Agustin Diaz Yañesek zuzendu du ikus-entzunezkoa Netflix plataforma erraldoiaren babesean, eta urrian estreinatuko dute zinema-aretoetan. Gero, Netflixen egongo da ikusgai.
La infiltrada lanaren arrakastaren ostean heldu da Un fantasma en la batalla superprodukzioa, benetako gertakarietan oinarritua honakoa ere. ETA erakundean hamarkada batez infiltratutako guardia zibil bati buruz da: Ipar Euskal Herrian arma gordetegi batzuk topatzeko asmoz sartzen dute espioitza-lanetan. Susana Abaitua aktoreak hartu du infiltratutako poliziaren rola, eta ETAko kide izatea antzezten dute Iraia Eliasek, Raul Arevalok zein Ariadna Gilek.