ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/19 10:50

Borrokak merezi du. Hala zioen gaur goizean Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxetik eskegitako pankartetako batek, eta hala erakutsi du berriz ere jende andanak azken asteetan. Epaitegiek gaurko, hilaren 19rako, agindu zuten Zestoako Gaztetxearen desalojoa, baina hura atzera botatzea eta geratzea lortu dute momentuz herriko Gazte Asanbladak eta Euskal Herri osoan Gaztetxearen defentsan jardun duten guztiek.

Berez, gaur goizeko 08:00etarako zegoen ezarrita Langile Kontrolpeko Espazioaren hustea. Ordurako, hainbat eta hainbat gazte zeuden Gaztetxe aurrean, hura defendatzeko determinazioz. Ez Polizia ez segizio judiziala ez dira bertaratu, ordea, eta Zestoako Gazte Asanbladak 10:00ak aldera jakinarazi du, epaitegietako baieztapen formala jaso ondoren: atzeratu egin dute desalojoa, Euskal Herri osoan barrena antolatutako elkartasunari eta egindako presioari esker.

Antolakuntzaren indarra

"Denbora honetan guztian Euskal Herri osotik iritsi zaizkigun elkartasun keinu eta ekimenengatik, eta borrokak hartu duen garrantzia ikusita, Elizak ezin izan dio antolakuntzaren bitartez sortutako elkartasun-indar honi aurre egin", azaldu du Zestoako Gazte Asanbladak, berria ematean: "Antolakuntzaren indarraren erakusle izan da gaurkoa".

Asanbladako kideek gaineratu dute "inoiz baino garrantzitsuagoa" dela orain "Gaztetxearen auziari aterabide bat emateko pausoak ematea". Azken hilabeteetan Zestoako Gaztetxearen alde izan den lan guztiak "prozesuan nahasita dauden eragileen posizioa mugiarazi" duela adierazi dute, "bereziki azken asteetan": "Borrokaren fruituak geroz eta nabarmenagoak izaten ari dira". Hala, berriz deitu dituzte Eliza eta Zestoako Udala auziari buruz mintzatzera eta irtenbide baten aldeko urratsak egitera.

Langile Kontrolpeko Espazioen defentsa

Zestoan gertatutakoak berriz frogatu du "espazio politikoen defentsa soilik antolakuntzaren bitartez" berma daitekeela, Gazte Asanbladaren esanetan. Hala, elkartasun osoa erakutsi diete atzo Bilboko (Bizkaia) Aresti Zentro Sozialistaren desalojoa jasan zuten kideei eta arriskuan dauden gainerako Gaztetxeetako kideei; hala nola, Burlata (Nafarroa), Zornotza (Bizkaia) edota Lizarra (Nafarroa).

NO HAY COMENTARIOS