ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/04 08:43

EAEko kartzeletan giltzapetuta dauden hainbat preso politikoren senideek eta lagunek prentsaurreko bat egin zuten aurreko asteburuan, Gasteizen (Araba). Azaldu zuten urratuak izaten ari direla presoen zenbait eskubide politiko; hala nola, bisitak izateko eskubidea eta kultur- eta kirol-ekitaldietan parte hartzeko eskubidea.

Espetxeetako zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Auzitegi Nazionala eskutik joaten ari dira, preso politikoei salbuespen-erregimen bat ezartzeko. Besteak beste, bisitak debekatzen ari zaizkie, presoen edota bisitak eskatzen ari diren pertsonen ideologiagatik eta militantzia politikoagatik. Gainera, "presoen posizionamendu ideologikoaren arabera", mugatzen ari dira kartzela barruko aisialdi-ekimenetan parte hartzeko duten eskubidea.

Eta ez presoei bakarrik: jarduera horiek aurrera eramateko asmoz espetxera joatekoak ziren hainbat kirolariri eta kulturgileri ere ukatu diete sarbidea, euren ideologia eta militantzia direla-eta. Horixe izan da, hain zuzen ere, Ekida Arte Ekimen Sozialistako hainbat kideren kasua, atzo jakinarazi zutenez.

Ekidak joan den urtarrilean estreinatu zuen bere bigarren antzezlana, Plaza hau gurea da. Ordutik, hamaika plazatara eraman du lana, eta datorren astean eraman behar zuten Zaballako (Araba) kartzelara. Zaballako zuzendaritzak, ordea, debekatu egin die sarbidea Ekidako hainbat militanteri. Beraz, ezin izango dira antzezlanaren emanaldia egitera sartu, eta, de facto, debekatu egin dute hura.

Jaurlaritzaren eskumeneko espetxeetan preso dauden militante politikoen senideek eta lagunek egin bezala, "presoen oinarrizko eskubideak urratzen dituen salbuespen-neurria" salatu dute Ekidako kideek.

NO HAY COMENTARIOS