ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/13 13:15

Yolanda Diaz Espainiako Estatuko Lan ministroak BECen hartu du hitza gaurkoan, eta bere hitzaldia eten dute Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako (EHKS) hainbat kidek, gobernuak patronalarekin adostutako azken lan-erreformak langileriaren miseriazko lan-baldintzak betikotzen dituela gaitzesteko. EHKSko kideek azaldu dutenez, "lan-erreformaren zein bestelako politiken izaera salatzeko" egin dute protesta-ekintza, eta "argi esateko guk ez dugula Espainiako Gobernuaren propaganda sinesten".

"Espainiako Gobernuak etengabe azpimarratzen du inoizko aurrerapenik handienak lortu dituela ongizate sozialari dagokionez. Ordea, langileok egunero-egunero bizi dugun egoera oso bestelakoa da", esan du EHKSk: "Lan-baldintzak gero eta okerragoak dira eta oinarrizko produktuen prezioak soldatak baino azkarrago hazten dira. Bien bitartean, enpresak irabazi erraldoiak metatzen ari dira".

Argitu du, hala, hori guztia dela "gobernuaren politikek benetan bultatzen dutena": alegia, "kapitalisten etekinak handitzea, langileon bizi-baldintzen kontura". Eta seinalatu du, gainera, "prozesu horretan bake soziala bermatzen" dutela ezkerreko gobernuek.

Langileon ziurgabetasuna gora

Horren adibidetzat jo du, hain zuzen ere, Diaz ministroak patronalarekin eta COOO eta UGT sindikatuekin adostu duen lan-erreforma. Neurriak, "guztiaren gainetik, enpresarien interesak defendatzen" dituela dio EHKSk, eta "betikotu" egiten dituela "aurreko lan-erreformaren ondoriorik kaltegarrienak"; hala nola, kaleratze merkeak.

Aldizkako finkoen kontratu berrien bidez, esaterako, gobernuak "langabeziaren eta behin-behinekotasunaren datuak estatistikoki makilatzen" dituela ere ohartarazi dute EHKSko kideek, eta "langileon bizi-ziurgabetasuna areagotzen" ari direla. "Lan-kontratuen sorrera-, suntsipen- eta iraupen-joerak ia berdinak dira erreformaren aurretik eta ondoren", gaineratu dute.

Instituzioen fartsatik kanpo antolatzeko beharra

EHKSk, bestalde, nabarmendu du "bizitzaren garestitzeari, lan-baldintzen okertzeari edota langabeziari" eman beharreko soluzioa ez dela "Yolanda Diaz bezalako politikarien eskutik etorriko". "Hauteskunde-promesa handietatik haratago, langile-klasearentzako hobekuntzak lortzeko modu bakarra da alderdiekiko eta enpresariekiko independentea
izango den langile-boterea eraikitzea; politikarien fartsari aurre egitea", aldarrikatu du.

Ministroaren BECeko hitzartzea geraraztean, hala adierazi du EHKSko militante batek: "Fartsa instituzionalaz eta instituzioetatik kanpo antolatzeko beharraz jabetzen ari den gero eta jende gehiago dago; horien barruan, justua dena ezinezkoa baita, eta, horietatik kanpo, dena baita posible".

HAY UN COMENTARIO
  1. G
    Gedar 2024/04/15

    Irene Montero berria

    Irene Montero berria