ACTUALIDAD / Represión
Voxek hainbat azpeitiarren aurka irekitako auzia artxiba dadila eskatu du epaileak
2024ko apirilean jende ugarik egin zuen protesta alderdi faxistak jarritako propaganda-postu baten aurka, eta 23 pertsonak deklaratu behar izan dute horregatik epaile baten aurrean. "Adi jarraituko dugu", adierazi du Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak: "Kikildu eta isildu nahi gaituzten horiek ez dute beren helburua lortuko".
2026eko uztailaren 6 - 08:19
Voxek hainbat azpeitiarren aurka irekitako auzia artxiba dadila eskatu du epaileak
— ARGAZKIA Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak egindako manifestazioa.

Azpeitiko (Gipuzkoa) epaile batek artxibatu egin du, behin-behinean gutxienez, Voxek dozenaka herritarren aurka irekitako prozesu judiziala. "Berri ona izanagatik ere, erreklamaziorako aukera du oraindik ere alderdi ultraeskuindarrak, eta beraz, adi jarraituko dugu kasuaren bilakaera hurrengo egunetan", jakinarazi dute Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformatik.

Voxek 2024ko apirilean jarri zuen propaganda egiteko postu bat Azpeitian, baina herritar ugarik egin zuten protesta faxisten aurka, eta alde egin behar izan zuten azkenerako, Poliziak babestuta. Horren ondoren, dozenaka pertsonaren aurkako auzi judizial bat zabaldu zuen alderdiak, eta 23 lagunek deklaratu behar izan dute horregatik epailearen aurrean. Azken berriak ezagutzean, Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak adierazi du "kikildu eta isildu nahi gaituzten horiek ez dutela beren helburua lortuko, eta faxismoaren, arrazakeriaren eta klase-zapalkuntzaren aurpegi guztiei imorki erantzuten jarraituko dugula".

Plataformatik eskerrak eman dizkiete "prozesu honetan ekonomikoki, komunikatiboki, kale-mobilizazioetan eta abar lagundu diguzuen guztiei", eta dei egin dute "errepresioari klase-batasunez erantzuten" jarraitzera. Horiek horrela, gogora ekarri dute dozenaka azpeitiar daudela ikerketapean oraindik, Azpeitiko Gaztetxearen iazko urteurrenean izandako gertakarien harira sortutako muntaia mediatiko erraldoia tarteko. Bi kasu judizialei erantzunez eratu zuten iaz Azpeitia Errepresioaren Aurka.