Voxek atzera bota du Nafarroako Parlamentuak azken erailketa matxista gaitzesteko proposatutako adierazpen instituzionala. Alderdi faxista abstenitu egin zen bozketan, eta modu horretan galarazi zuen Parlamentuak oharra onartu ahal izatea. Voxek parte hartzen ez duen Mahaian onartu behar izan zuten gero adierazpena.
Hilketa matxistaren kontrako idatzia ez babesteko, ETAren mamuaz baliatu ziren berriz Voxekoak. "Erabateko hipokrisiaren froga bat iruditzen zaigu BilduETArrek emakumearekiko gaitzespenaz hitz egitea, heriotza horien errudunak eurak izan direnean urte askoan", esan zuen Emilio Jimenez bozeramaileak. Izan ere, oharraren alde ez egiteko, argudiatu zuen ez dutela "Bildurekin ezer sinatuko". Alderdi faxistaren erabakia kritikatu zuten gainerako talde parlamentarioek. UPNko Javier Esparzak berak "dena nahastea" leporatu zion.
Sei puntu jasotzen ditu Voxek baztertutako eta, gerora, Parlamentuko Mahaian onartutako adierazpen instituzionalak: "erabateko gaitzespena eta sumindura" erakusten ditu erailketa matxistagatik; babesa ematen die biktimaren senideei; "emakumeek jasaten dituzten biolentzia matxista guztiak guztiz gaitzesten" ditu; "gizarte justuago eta berdinzaleago bat lortzeko konpromisoa" adierazten du; indarkeria matxistaren aurka "rol aktibo" bat izateko deia egiten die herritarrei, eta erailketa salatzeko protestetan parte hartzera deitzen du.
34 sastakada
Aurreko ostiralean izan zen Nafarroako Parlamentuan hizpide izan duten hilketa matxista. Sarrigurenen (Iruñerria, Nafarroa), 28 urteko emakume bat erail zuen bere bikotekideak, 34 aldiz sastakatuz. Banantze-prozesuan zeuden, eta bertan zegoen haien haurretako bat. Erasoan, bere ama ere larriki zauritu zuen hiltzaileak.