Vito Quilesek atzo arratsaldean joan nahi zuen Nafarroako Unibertsitatera, bere probokazio-birarekin jarraitzeko. Baina erantzun antifaxista sendoa izan zen, kontramobilizazio bat antolatu baitzuten besteak beste; eta, azkenean, agitatzailea ez zen ausartu campusera gerturatzera. Iruñeko bisita bertan behera utzi izana justifikatzeko, hainbat bulo potolo zabaldu zituen Quilesek, gerora Espainiako Gobernuaren Delegazioak berak gezurtatu dituenak.
Arratsaldeko 16:30ak jota, X sare sozialean esan zuen Quilesek bertan behera utzi zuela Iruñeko deialdia. Aitzakia modura jarri zuen, ustez, Espainiako Poliziak esan ziola ezin zuela "bere segurtasuna" bermatu. El País-en esanetan, ordea, Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan ordezkaritzak adierazi zuen ez zitzaiola halako abisurik eman Vitori polizia-indarren partetik. Hala jaso du Diario de Navarra-k gobernu-adierazpena: "Faltsua da Espainiako Poliziak seinalatu duenik ezin zuela Nafarroako Unibertsitatean aurreikusitako ekitaldiko segurtasuna bermatu. Beraz, Espainiako Poliziak ez du eraginik izan ekitaldia egiteari edo ez egiteari buruzko azken erabakian".
Gerora, agitatzaile faxistaren beste gezur bat ere atera dute argitara. Izan ere, atzo arratsaldeko mezuan honakoa gaineratu zuen X-en bidez: "Poliziak, orain arte, hamasei labana atzeman ditu, Bilbotik zetozen bi autobusi Iruñean egindako miaketa aleatorio batean". Baina, Diario de Navarra-ren arabera, informazio hori ere faltsua dela azaldu du Espainiako Gobernuaren Delegazioak: gezurra da arma horiek topatu zizkietenik Bilbotik Iruñera mugitutako hainbat pertsonari.