ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/02 07:58

Atzo arratsaldean egin zuen agerraldi bat Urnietako (Gipuzkoa) Txozna Batzordeak, bertako txoznak arriskuan daudela salatzeko. Izan ere, Urnietako Udalak (EAJ eta PSE-EE) 2024ko irailean sartu zuen indarrean "txoznagunearen gaineko kontrola hartzea" ahalbidetzen dion ordenantza bat, batzordea kontuan hartu gabe. Neurriaren bidez, txoznetan udalaren kontrolpetik kanpo dagoen egitasmo orori "isun ekonomikoak ezartzeko" edo "adierazpen-askatasuna mugatzeko" aukera dauka udal-gobernuak, baita txoznen "kokalekua" eta horiek jar ditzaketen "eragile kopuru maximoa erabakitzeko" aukera ere.

2023an sortu zuten Urnietako Txozna Batzordea, bertako kideek atzo gogorarazi zutenez, "txoznagunearen antolaketa eta kudeaketa bertan parte hartzen duten eragile guztien artean aurrera eramateko asmoarekin". Udalak iazko irailean ordenantza kaleratu ondoren, batzordea urte honen hasieran hasi zen 2025eko jaiak antolatzeko lanekin, eta salatu du askotan saiatu dela udal-gobernuarekin "harremanetan jartzen"; "araudi berriaren inguruan eztabaidatzeko, irekiera egunak zehazteko, aurrekontua jakiteko, eta abar". "Baina ez dugu erantzunik jaso", azaldu zuten atzoko agerraldian.

Horiek horrela, salatu zuten aurtengo festei begira udal-gobernuak aukeratu duela "txozna nork jarri eta nork ez, beraien irizpideen arabera". Modu horretan, "Txozna Batzordearen parte diren eragile batzuk kanpoan utzi ditu".

Txozna Batzordeak seinalatu zuen jarrera "argia" duela udalaren azken mugimenduen aurrean: "Txozna Batzordea da txoznagunea kudeatzeko dagoen talde zilegi bakarra. Hura osatzen duten eragileak dira urte osoko lana aurrera eramaten dutenak eta ez dugu onartuko inork gure jarduna zapuzterik". Une honetan txoznak arriskuan daudela nabarmendu zuen, eta, "egoera aldatzen" ez bada, batzordeak ez dituela aurten jaiak antolatuko.

NO HAY COMENTARIOS