Atzo, apirilaren lehena, Unibertsitateko Indar Batasunak ohar bat plazaratu zuen medikuntzako eta erizaintzako ikasleek praktikaldiekin bizi duten egoera salatzeko. Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri ostean, EHUk dei egin zion gradu horietako ikasleriari praktikak Osakidetzan egin zitzan. Larrialdi egoeran, baina, ikasle boluntarioak "baldintza negargarriak" onartzera behartu dituztela jakinarazi du UIBk.
Ikasleek erietxeetan aurkitu duten egoera "prekarioa" da. Hasteko, martxoaren 23an Gasteizen (Araba) call-center batean erizain lanetan hasi zirenak kontraturik gabe daude oraindik. Ez dute inolako soldatarik jaso; etorkizun batean "soldata ordaintzeko konpromisoa" adierazi zien administrazioak, bermerik gabe, ordea.
SEGURTASUN NEURRIEN URRAKETA
Ikasleek azaldu dutenez, sei-zazpi pertsona pilatzen dira gela bakoitzean, aldi berean lan egiteko. Bestalde, zenbaitetan lanaldi oso bat igaro behar izan dute maskarilla bakarrarekin. Ikasleen arabera, egoera horretan lan egiteak duen arriskua "ez da inondik inora kontuan hartzen".
LAN BALDINTZA PREKARIOAK
Praktikaldi horietan parte hartu duten ikasleei hilabeteko kontratua egin zaie, zalantzan jartzen duten "luzatzeko aukerarekin", eta lanaldi osoaren truke 950 euroko gutxieneko soldata kobratuta.
Ordutegiari dagokionez, ez dute inongo zehaztapenik jaso, eta ikasleek azpimarratu dute azken hori "oso garrantzitsua" dela eurentzat. Izatez, MIR azterketa egin berri dutenek lanaldi finkoa izan arren, gauetan eta asteburuetan jardutera derrigortzen dituzte, trukean inolako ordainsari gehigarririk eskuratu gabe.
PRAKTIKEN PROBLEMATIKA
Erizaintzako eta medikuntzako ikasleen hitzetan, praktikak amaitzeko alternatiben inguruan "ez da inolako informazio zehatzik eman"; eskaini zaizkien aukera bakarrak Osakidetzako lan kontratua onartzea edo definitu gabeko beste praktika batzuen zain geratzea izan dira.
Lehen aukera hautatzeko epea gaur eguerdian amaitzen zen, baina salbuespen egoeraren erdian ez dago bestelako praktikak egiteko aukerarik. Hori dela-eta, Osakidetzan lan egitea erabakitzen ez dutenak "ziurgabetasun egoeran" geratzen direla ekarri dute gogora ikasleek. EHUk praktiken gaineko erabakiak ikasleentzat "parte hartzeaileak" izateko konpromisoa hartu zuela ere seinalatu dute.
GOBERNUAREN INPUNITATEA
Larrialdi egoeraren instrumentalizazioa egotzi diote ikasleek Gobernuari, "borondate ona" eta "elkartasuna" bezalako kontzeptuak "lan baldintza miserableak" onartarazteko erabili direlakoan. Lan baldintzei lotutako "indefinizio orokortua" justifikaezina dela diote, zenbait ikasle "ezer kobratu gabe lan egiten" ari baitira, edo are gehiago, "lan egiteagatik ordaintzen", matrikularen ordainketa bitarteko.
ESKAERAK
Egoeraren aurrean, bost aldarrikapen egin dituzte medikuntzako eta erizaintzako ikasleek, EHUko errektoretzari nahiz fakultateetako dekanotzari zuzenduta: