AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/02 16:23

Atzo, apirilaren lehena, Unibertsitateko Indar Batasunak ohar bat plazaratu zuen medikuntzako eta erizaintzako ikasleek praktikaldiekin bizi duten egoera salatzeko. Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri ostean, EHUk dei egin zion gradu horietako ikasleriari praktikak Osakidetzan egin zitzan. Larrialdi egoeran, baina, ikasle boluntarioak "baldintza negargarriak" onartzera behartu dituztela jakinarazi du UIBk.

Ikasleek erietxeetan aurkitu duten egoera "prekarioa" da. Hasteko, martxoaren 23an Gasteizen (Araba) call-center batean erizain lanetan hasi zirenak kontraturik gabe daude oraindik. Ez dute inolako soldatarik jaso; etorkizun batean "soldata ordaintzeko konpromisoa" adierazi zien administrazioak, bermerik gabe, ordea.

SEGURTASUN NEURRIEN URRAKETA

Ikasleek azaldu dutenez, sei-zazpi pertsona pilatzen dira gela bakoitzean, aldi berean lan egiteko. Bestalde, zenbaitetan lanaldi oso bat igaro behar izan dute maskarilla bakarrarekin. Ikasleen arabera, egoera horretan lan egiteak duen arriskua "ez da inondik inora kontuan hartzen".

LAN BALDINTZA PREKARIOAK

Praktikaldi horietan parte hartu duten ikasleei hilabeteko kontratua egin zaie, zalantzan jartzen duten "luzatzeko aukerarekin", eta lanaldi osoaren truke 950 euroko gutxieneko soldata kobratuta.

Ordutegiari dagokionez, ez dute inongo zehaztapenik jaso, eta ikasleek azpimarratu dute azken hori "oso garrantzitsua" dela eurentzat. Izatez, MIR azterketa egin berri dutenek lanaldi finkoa izan arren, gauetan eta asteburuetan jardutera derrigortzen dituzte, trukean inolako ordainsari gehigarririk eskuratu gabe.

PRAKTIKEN PROBLEMATIKA

Erizaintzako eta medikuntzako ikasleen hitzetan, praktikak amaitzeko alternatiben inguruan "ez da inolako informazio zehatzik eman"; eskaini zaizkien aukera bakarrak Osakidetzako lan kontratua onartzea edo definitu gabeko beste praktika batzuen zain geratzea izan dira.

Lehen aukera hautatzeko epea gaur eguerdian amaitzen zen, baina salbuespen egoeraren erdian ez dago bestelako praktikak egiteko aukerarik. Hori dela-eta, Osakidetzan lan egitea erabakitzen ez dutenak "ziurgabetasun egoeran" geratzen direla ekarri dute gogora ikasleek. EHUk praktiken gaineko erabakiak ikasleentzat "parte hartzeaileak" izateko konpromisoa hartu zuela ere seinalatu dute.

GOBERNUAREN INPUNITATEA

Larrialdi egoeraren instrumentalizazioa egotzi diote ikasleek Gobernuari, "borondate ona" eta "elkartasuna" bezalako kontzeptuak "lan baldintza miserableak" onartarazteko erabili direlakoan. Lan baldintzei lotutako "indefinizio orokortua" justifikaezina dela diote, zenbait ikasle "ezer kobratu gabe lan egiten" ari baitira, edo are gehiago, "lan egiteagatik ordaintzen", matrikularen ordainketa bitarteko.

ESKAERAK

Egoeraren aurrean, bost aldarrikapen egin dituzte medikuntzako eta erizaintzako ikasleek, EHUko errektoretzari nahiz fakultateetako dekanotzari zuzenduta:

  1. Lan kontratua onartzeko erabakia hartzeko beharra izan aurretik, "beste alternatiba zehatz bat egotea".
  2. Erabakia hartzeko epemuga "bi aukeren nolakotasunak zehaztu arte luzatzea".
  3. Ebaluaziorako eta ikasturtea gainditzeko, "praktika klinikoak egin dituzten sei hilabeteen batezbesteko nota eta Gradu Amaierako Lana erabiltzea".
  4. Gradu Amaierako Lana eta ECOEa egiteko baldintzak, datak eta abar, "ikasleekin batera erabakitzea”, horien oniritziarekin.
  5. EHUk Osakidetzari bertan lan egiten duten ikasleentzat "lan baldintza hobeak exijitzea". EHUk aldaketa bakarra onartu du oraingoz: praktikak aukeratzeko epea gaurko 21:00ak arte luzatzea.