ACTUALIDAD / Represión
U14ko lau kide atxilotu zituzten atzo Larresoron eta Hendaian
Uztailaren 14an Ezpeletan izandako manifestazioaren harira atxilotu zituzten goizean, eta ez zituzten iluntzera arte askatu.
2026eko urtarrilaren 7
U14ko lau kide atxilotu zituzten atzo Larresoron eta Hendaian
— ARGAZKIA Euskal Irratiak

Atzo, urtarrilaren 6an, U14 kolektiboko lau kide atxilotu zituzten Larresoron (Lapurdi) eta Hendaian (Lapurdi). Euskal Irratien arabera, iazko uztailaren 14an, Frantziako Jaiegun Nazionalari kontrajarrita Ezpeletan (Lapurdi) izandako mobilizazio bati lotuta atxilotu zituzten. Iluntzeko 19:00etara arte ez zituzten aske utzi.

Deklaratu gabeko manifestazio bat antolatzea, Polizia probokatzea, Polizia laidoztatzea eta identifikatuak izatea ekiditeko aurpegia estaltzea leporatzen omen diete, eta "heriotza-mehatxuak" eta "kalte-mehatxuak" egotzi omen dizkie Baionako (Lapurdi) prokuradoreak.

Kanboko (Lapurdi) jendarmeriara eraman zuten atxilotuetako bat, Ustaritzera (Lapurdi) beste bat, eta Senperera (Lapurdi) beste biak. Atxiloketak salatzeko eta jazarriei babesa emateko, protestak izan ziren jendarmerien aurrean, eta U14 kolektiboak salatu zuen jardun politikoa kriminalizatzea zuela helburu atzoko operazio polizialak, Euskal Irratiek jaso dutenez.