ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/17 12:34

Lizarrako (Nafarroa) txosnak autobus-geltokiko parkingean jarri izan dira azken 28 urteetan, baina aurtengo jaiak hasi baino hilabete lehenago, debekatu egin ditu udalak (UPN). Ez da txosnak debekatzen edo oztopatzen dituzten lehenengo aldia: Lizarrako Jai Txikiko txosnei ere trabak eta debekuak jarri zizkien udalak 2022an, EH Bildu udal gobernuan zela. 

Aurten, txosnak Los Llanos parkeko San Benitora lekualdatu nahi ditu udalak. Txosnen antolatzaileek, ordea, uko egin diote erabaki horri. Udalak txosnak "modu autoritarioan" tokialdatu nahi dituela salatu dute, eta ezarritako gune berria guztiz desegokia dela.

Izan ere, txosnak San Benitora mugiaraztea, horietan parte hartzen duten kolektiboak "jaietako dinamika sozialetik urruntzeko eta isolatzeko" saiakera bat dela iritzi diote, bai eta txosnen bideragarritasun ekonomikoa kolokan jarriko dela ere. Hori ez ezik, emakumeentzat leku arriskutsuagoa dela azpimarratu dute.

Udalak argudiatu du txosnak ezin direla barraketatik hurbil egon. Lizarrako txosnetako kideek, ordea, txosnak "haurrentzako leku bat" ere badirela aldarrikatu dute, eta haientzako jarduera arrakastatsuak antolatzen dituztela. Udalak duen benetako arrazoia, haien ustez, bestelakoa da: txosnak "leku urrun batera" eramatearekin batera, horiek antolatzen dituzten eragileak "herriko jaien parte ez izatea" bilatzen duela uste dute, eta "herriaren bizitza sozialetik urrundu" nahi dituela.

Festagiroko kolektiboek azaldu dutenez, ez diote "espazioa aldatzeari uko egiten"; baina, lekua aldatuz gero, gaur egungo "baldintza berdinetan edo hobeetan" izan behar dela azpimarratu dute. Zentzu horretan, instituzioen izaera "parte-hartzailea" zalantzan jarri dute, eta udalaren debekuaren aurrean, txosnak defendatuko dituztela ohartarazi dute: "UPNk, PSNren babesarekin, bere borondate partikular eta sektarioa inposatzeko bidean jarraitzen badu, kalera aterako gara horiek [txosnak] defendatzera". 

Horrela, Udalaren hipokrisiari ez, txosnak aurrera! lelopean manifestazio batera deitu dute txosnen antolatzaileek. Uztailaren 20an izango da, arratsaldeko 20:00etan, San Andres kaletik abiatuta.

NO HAY COMENTARIOS