ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Tubacexeko langileen elkarretaratze bat. Argazkia: ELA
2021/07/21 11:05

Tubacexeko zuzendaritzak bertan behera utziko du oraingoz Laudioko (Araba) eta Amurrioko (Araba) plantetan martxan jarritako enplegu-erregulazioko espedientea. EAEko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen hura bertan behera uztea, eta langileek greba mugagabearekin jarraitzeko asmoa erakutsi ondoren etorri da zuzendaritzaren proposamena. Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin izandako bileraren ondoren, langile batzordeak azaldu zuen itzulera modu mailakatuan egitea proposatu diela zuzendaritzak, uztailaren 26an hasi eta azaroaren 30era arte, "beharrizan organizatiboak, segurtasunari dagozkionak eta legezko tramitazioak" aintzat hartuta.


Zuzendaritzak 129 langile kaleratu zituen, eta enplegu-erregulazioko espedientea bertan behera utzi ondoren, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen barruan onartuko lituzkete behargin horiek. Dena den, negoziatzeko daude oraindik enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente horren baldintzak. EAEko auzitegiaren ebazpenari helduta, langileen batzordeak eskatu zuen enpresak hilabete hauetako soldatak ordaindu behar dizkiela langileei, baita gainerako beharginek greban emandako egunak ere. 161 egun bete dituzte greba mugagabean.


Auzibidea zabalik


Langile batzordeak datozen egunetan aztertuko du proposamena, eta grebari eusten diote; zuhurtziaz hartu dute berria. Izan ere, auzibidea ez da agortu oraindik. Zuzendaritzak iragarri zuen helegitea jarriko ziola enplegu-erregulazioko espedientea bertan behera uzteko ebazpenari, Espainiako Auzitegi Gorenean, eta ez du kontrakorik esan oraingoz.

NO HAY COMENTARIOS