"Polizia-abusuei" buruzko 12/2016 Legeak, besteak beste, Estatu-Indarkeriaren Biktimen Eskaerak Baloratzeko Batzorde baten sorrera ekarri du azken urteetan. Batzorde horrek berriki aurkeztu du aurtengo txostena Gasteizko (Araba) Eusko Legebiltzarrean, eta polizia-indarren biolentziari lotutako 93 kasu aitortu ditu, tartean, zortzi erailketa. Esaterako, Gurutze Iantziren hilketa errekonozitu dute: 1993an erail zuen Guardia Zibilak Madrilgo kuartel batean, inoiz argitu ez dituzten torturak medio.
Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan 1968tik 1999ra bitartean atxilotutako 75 pertsonak jasandako torturen lekukotzak balioztatu ditu aurten aipatutako batzordeak. Guardia Zibilaren edo Espainiako Poliziaren komisarietan gertatu dira kasu horiek, eta sexu-indarkeriaren bidezko torturak nabarmentzen dira testigantzetan: emakumeak dira biktima gehienak.
Tratu txarrak deskribatzen dituzten 83 audio-grabaketa jaso ditu batzordeak, eta azterketa forentseak ere bildu ditu. Beste 400 espediente dituzte aztertzeke ikertzaileek, baina blokeatuta dago euren jarduna: forentse faltagatik, behin-behinean eten behar izan du bere jarduna Estatu-Indarkeriaren Biktimen Eskaerak Baloratzeko Batzordeak. Erakundeak salatu du Eusko Jaurlaritza horren jakitun izan dela, eta ez duela neurririk hartu.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik, dokumentatutako 4.000 tortura kasu izan direla kalkulatzen du Kriminologiaren Euskal Institutuak (IVAC-KREI).
Biluziak, ukituak eta mehatxuak
Eskaerak Baloratzeko Batzordeak ontzat eman dituen azken testigantzetan, askotariko izugarrikeriak kontatzen dituzte biktimek. Askok esan dute biluztu egin zituztela polizia-etxeetan, eta mehatxuak eta ukituak egin zizkietela. Honela jaso du batzordeak, lekukotzei buruz:
"Galdeketak zuzentzen zituen kapitainari entzun zizkion lehen hitzak honako hauek izan ziren: Hona birjina izaten sartu zara eta puta izaten aterako zara [...]. Biluzik, [ileko] txirikorda luzetik zintzilikatu zuten, eta kolpeen bidez bere ardatzaren gainean bira zezan bultzatu zuten". 1973an, Bilboko la Salveko kuartelean.
"Hasieran gerritik gora biluztuta, gero erabat biluzik egotera behartu zuten, ukituak eta bortxaketa-mehatxuak egiten zizkioten bitartean: Tira, zoaz prestatzen, hau amaitzen ari baita: poltsa-saio batzuk gehiago, flexio batzuk gehiago, eta geurearekin hasiko gara".
"Bidean, agenteak, atxilotu bezain laster gertatu zen bezala, I.A.G.-ren titiburuak estutzen tematu ziren; baina, oraingoan, aliketa bat erabili zuten".
"G.M.M.-k bere eta bere alabaren kontra jaso zituen eduki sexualeko lehen laido eta mehatxuak: Guk ez zaitugu zu gustuko [...] Guk zure alaba bortxatuko dugu, garaia den hori".
"Kuartelera
zihoan autoan, galtzak eta barruko arropa jaitsi zizkioten, zinta
amerikarrak ahalbidetzen zuen bezainbeste, eta elektrodoak jarri zizkioten
barrabiletan".
Bortxaketak objektuekin
Hainbat atxilotuk jakinarazi dute poliziek bortxatu egin zituztela euren atxiloaldian, hala nola, objektuak erabilita: "Emakumeak
pairatutako beste tortura-metodo batzuen artean, sexu-torturari
buruzkoak daude, objektu batzuk gorputz-zuloetatik sartu baitzizkioten.
[...] Hainbat guardia zibilek txiza egin zioten aurpegian komunera
joateko eskatu zuenean". 1992an.
"Bortxaketa-mehatxuak jaso zituen, eta, zoritxarrez, sexu-eraso larri bat egin zioten, erratz baten makila baginatik sartu baitzioten, mahai batean etzanda eta prakak eta barruko arropa kenduta". 1982an.
Hainbat atxilotuk, gainera, masturbatzeko agindua ere jaso zuten komisarian, batzordearen esanetan: "Ziegako atea ireki zen, eta agenteen aurrean biluzteko eta masturbatzen hasteko agindua jaso zuen".