ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/19 17:21

Iaz jarri zuten mahai gainean Ticket Bai sistema txosnetan aplikatzeko aukera, eta badirudi horretarako pausoak ematen ari direla EAEko foru aldundiak. Sistema horren bidez, txosnetan egindako salmentak fakturatzea nahi dute, baita jaiak antolatzen dituzten askotariko kolektiboen ustezko "jarduera ekonomikoaren" aitorpena egitea ere.

Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak iaz esan zuen txosnek "irabazi-asmoarekin funtzionatzen" dutela, eta horregatik eduki beharko luketela "fakturak kontrolatzeko sistema". Patronalaren eskaera onartuta egin zituen adierazpen horiek Mendozak, Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteak eskatu baitzuen txosnetan negozio pribatuetako kontrol-sistema bera izatea, fakturatzeari eta abarri dagokienez.

Araban, pixkanaka Ticket Bai inposatzen

Gasteizko (Araba) txosnagunearen antolatzaileek aste honetan salatu dute Ticket Bai sistema erabiltzera behartu nahi dituela Arabako Foru Aldundiak, eta horrek kolokan jarri dituela Gasteizko festetako txosnak. Ramiro Gonzalez Arabako Ahuldun Nagusiak esan du txosnekin "guztiz" bateragarria dela faktura elektronikoen sistema, eta "legea betetzea" ez dela "borondate kontua".

Eragile politikoei zein sozialei dagokienez, seinalatu du bakoitzaren ardura dela Ticket Bai erabiltzetik salbuetsita dauden edo ez ziurtatzea, eta baldintza horiek Ogasunarekin egiaztatzea. Izatekotan, eragile bat edo beste egongo litzateke sistematik salbuetsita, eta ez jarduera bat edo beste. Teorian, irabazi asmorik gabeko elkarteak daude salbuetsita Araban; Gipuzkoan bezalaxe.

Sistema mehatxupean aplikatzen hasi dira jada Arabako hainbat txosnatan. Oionen (Araba), adibidez, Ticket Bai inposatu du Arabako Foru Aldundiak, Oiongo Gazteak Somos Todos taldeak salatu duenez. Sistema erabiltzeari uko eginez gero, antolatzaileek "20.000 euroko gutxieneko zigor ekonomiko" bati aurre egin beharko diotela esan du diputazioak.

Sistemaren aplikazioa beste bi urtez atzeratuko da Bizkaian

Itxura denez, Bizkaiko txosnaguneetan ez dute Ticket Bai sistema 2026. urtera arte ezarriko. Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatuak nabarmendu duenez, "jarduera ekonomikoa" duen orok erabili beharko du sistema, eta jarduera ekonomikotzat hartzen dute txosnetakoa ere. Berrojalbizen esanetan, txosnen hornitzaileen ustezko sarean egon litekeen iruzurra daukate jopuntuan.

NO HAY COMENTARIOS