Thyseenkrupp konpainiak, Alemaniako siderurgia-enpresarik handienak, 11.000 langile kanporatuko ditu hurrengo bost urteetan. 2025. eta 2030. urteen artean, 5.000 langile kaleratuko ditu zuzenean, eta beste 6.000 azpikontratatuko ditu. Haien lan-baldintzak okerragotuta, enpresarentzako kostuak %10 txikitu nahi ditu zuzendaritzak. Gaur egun, 27.000 pertsonak egiten dute lan enpresan.
Zuzendaritzak iragarri duenez, enpresak 1.000 milioi euroko balioa galdu du, irabazi-aurreikuspen txikiak eta ekologizazio-prozesuaren kostuak bultzatuta, haren hitzetan. Horrela, Thyssenkrupp Steelen "produktibitatea eta efizientzia hobetzeko berehalako neurriak" hartzea jo du beharrezkotzat, eta "erabakigarria" izango omen da 2025. urtea.
Alemaniako konpainiak 3.800 langile bota zituen 2013an, eta AEBetako eta Brasilgo Steel Americans fabrikak itxi zituen 2012an.
Erresuma Batuko Opeleko langileak, kaleratuak izateko arriskuan
Stellantis enpresa-taldeak, bestalde, Erresuma Batuko automobilgintza-fabrikak berregituratuko dituela iragarri du. Stellantis Citroën, Peugeot, Fiat eta Opel (Vauxhall izenarekin Erresuma Batuan) markek osatzen dute korporazioa. Itxura denez, Vauxhall markak Lutonen daukan fabrika itxi nahi du Stellantisek, eta arriskuan daude furgonetak egiten dituzten 1.100 langile.
Badirudi Ellesmere Porteko fabrika handitu nahi duela Stellantisek, eta inbertsio handia egingo duela bertan, 50 milioi liberakoa (60 milioi euro inguru). Horrela, hara aldatu nahi ditu gaur egun Lutonen egiten diren operazio jakin batzuk, "ibilgailu elektriko jasangarriak egiteko zentro" bilakatzeko. Langileen etorkizuna zein izango den, ordea, ez du zehaztu zuzendaritzak.