Espainiako Barne Ministerioaren aginduz, "terrorismoaren kontrako alertaren" laugarren mailaren barruan, neurri "osagarriak" hartuko dituzte aurrerantzean polizia-indarrek. Ministerioak astearte honetan egin du bilera bat "Mehatxu Terrorista Baloratzeko Mahaian", eta horren ostean jakinarazi du erabakia: "segurtasun-neurri" gehiago ezarriko ditu, "terrorismoaren kontrako alerta" argudiotzat hartuta.
Dirudienez, neurri "osagarrien" barruan, indartu egingo dituzte "segurtasun-baliabideak"; batez ere, "bereziki sentikorrak diren puntu" edo toki batzuetan. Bestalde, polizia-indarren partetik, areagotu egingo dituzte "terrorismoaren kontrako neurriak".
Mailarik "larrienetik" urrats batera
"Mehatxu terrorista" aztertuta, ustezko larritasunaren arabera, "terrorismoaren kontrako alerta" maila desberdinak ezar ditzake Barne Ministerioak. Oraingoz finkatutako sisteman, bost maila bereizten dira, eta laugarren mailan dago Espainiako Estatua 2015eko ekainetik; Frantzian, Tunisian edota Somalian hainbat atentatu izan zirenetik, ustez. Beraz, mailarik "larrienetik", bosgarrenetik, koxka batera baino ez dago berez.
Maila gorena, bosgarren maila, Espainiako Estatuan atentaturik balego aktibatuko litzateke. Neurri zehatzei dagokienez, desberdintasun nagusia izango litzateke, teorian, "azpiegitura kritikoetan, komunikazio-lotuneetan" eta toki jendetsuetan armadako militarrek esku hartuko luketela.
Gaur-gaurkoz, beraz, azken bigarren maila dago finkatuta "terrorismoaren kontrako alertan". Atzoko bileraren ondoren, baina, laugarren maila hainbat neurri gehiagorekin osatzea eta "indartzea" erabaki du Barne Ministerioak. Askotariko polizia-indarretako (Espainiako Polizia, Guardia Zibila, Mossos d'Esquadra, Ertzaintza, Espainiako Inteligentzia Zentroa, Segurtasun Nazionalekoa eta Indar Armatuak) "terrorismoaren kontrako adituekin" batera hartu du erabakia.
Orain arte, kasu edo une zehatzetan ere izan dira neurri "osagarriak"; adibidez, hauteskundeetan, Gabonetan, Aste Santuan, goi-bileretan, eta abar. EFE agentziak jaso duenez, kasu horietan, neurri gehigarri modura, "segurtasun-baliabideak eta inteligentzia-gaitasunak" areagotu dituzte, baita "terrorismoaren kontrako kontrol- eta jarraipen-gaitasunak" ere.