ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/10 11:47

2023. urtea hasi orduko jakinarazi zuen Pablo Haselek osasun-arreta falta ari zela jasaten Ponenteko (Lleida) espetxean. Kolonoskopia proba bat egin behar ziotenean, abeslaria umiliatzen saiatu ziren mossoak: biluzik egon behar zuenean eta hodia sartu behar ziotenean, bere ondoan egon nahi zuten polizia-agenteek.

Hurrengo hilabeteetan ere antzeko tratu umiliagarria jaso izana salatu du Haselek. Kartzelako higiene faltaren eta osasun-baldintza txarren ondorioz, bakteria bat hartu zuela eta gaixotu egin dela azaldu du, baina poliziek ez diotela uzten osasun-probak intimitatean eta, beraz, modu egokian egiten. Gainera, eskuburdinekin lotuta mantendu nahi dute mossoek.

Gaixotu zenean bi astez artatu zuten tratamendu batekin, baina okerrera egin zuen gero, eta horregatik eskatu zuten medikuek hainbat proba egiteko. Atzo jakinarazi zuten Terrassako espetxe-ospitalera lekualdatu zutela Ponentetik, proba horiek zirela-eta.

Bi urte baino gehiago preso

2021eko otsailean kartzelaratu zuten Hasel, bere abestietako letrak zirela-eta, "terrorismoari gorazarre egitea" eta "Koroa iraintzea" leporatuta; bederatzi hilabeteko zigor bat jarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. 2018an ezarritako beste hainbat kondena ere bazituen bere gain, ordea; autoritateari desobedientzia egitea eta lokal batera "indarrez sartzea" egotzi zioten aurretik.

Preso sartu ostean ere beste hainbat zigor igorri dituzte bere kontra. 2021ean, Lleidako Unibertsitatean egindako ikasle-itxialdi batean kazetari bati eraso egitea leporatu zioten, baita epaiketa batean lekuko bati erasotzea ere. 2022an berriz epaitu zuten, 2018an Lleidan egindako protesta batzuen harira. Mossoei erasotzea eta "istiluak eragitea" egotzi zioten.

NO HAY COMENTARIOS