ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/07 13:31

Jende ugari mobilizatu da gaur Arabako hiriburuan, Palestinarekin elkartasunez beste behin ere. Izan ere, Israelgo Estatuak kirol-munduan duen ordezkari nagusia, Maccabi Tel Aviv saskibaloi-taldea, Gasteizen da gaurkoan: Baskoniaren kontra zeukan hitzartuta partida bat 20:30erako, Buesa Arena estadioan. Horren aurretik manifestatu dira hirian, partidaren aurka eta, orokorrean, Israelgo Estatuaren aurpegi zuriketaren aurka. Iparralde gizarte-etxetik abiatu da mobilizazioa arratsaldeko 18:30ak jota, eta Buesa Arenan bertan bukatu da. Ertzaintzak estadio ingurua hartuta zeukan ordurako.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatu du manifestazioa, eta azpimarratu du "Palestinarekiko egiazko elkartasuna Israelen eta bere konplizeen aurkako borrokaren eskutik" datorrela. Horregatik ekarri du gogora gaurkoa bezalako kirol-partidek zer nolako garrantzia duten sionistentzat: "Kirol- eta kultur-ekimenak baliatuta, estatu kolonialistaren existentzia normalizatu eta herri palestinarraren aurkako krimenak estali egiten dira". Ekimen horiek, "kasualak izatetik urrun", Israelgo Gobernuaren "propaganda-planaren barruan" daude.

Plataformak gogorarazi du "Israelen normalizazio-planak" ez liratekeela "posible izango Mendebaldeko herrialdeen babesik eta konplizitaterik gabe". Hala, Maccabik Gasteizen jokatzeak erantzuleak dituela salatu du, hain justu: "Baskoniako zuzendaritza, Israelgo inteligentzia-zerbitzuekin batera polizia-dispositibo hau antolatu duen Eusko Jaurlaritza, Zurbanoko pabiloiaren jabe den Arabako Foru Aldundia, garraio-zerbitzua antolatu duen Gasteizko Udala, eta Maccabi etortzearen aurka ezer egin ez duten alderdi politikoak".

Israel hemen hasten da

Sionistekin harreman oro eten dadila exijitzeko kanpaina bat dauka martxan Palestinarekin Elkartasunak, erreferentzia eginez harreman militarrei, diplomatikoei, komertzialei nahiz kultur- eta kirol-arlokoei. Gaurkoan, berriz esan du "Israelen existentzia Mendebaldeko estatuen babesak ahalbidetzen duela". "Israel Mendebaldeko inperialismoaren base militar erraldoi bat baino ez da, eta beraz, hemen bertan hasten da", zehaztu du: "Israelekin negozioak egiten dituzten banketxeetan; estatu sionista armaz eta azpiegituraz hornitzen duten euskal enpresetan; harreman diplomatikoak dituzten Espainiako eta Frantziako gobernuetan, edo NATOren zein Europar Batasunaren agenda militarista onartzen ari diren ezkerreko nahiz eskuineko alderdi politikoetan".

Plataformak, beraz, funtsezkotzat jo du "Israel normalizatzen duten ekimenen eta estatu sionistaren konplize guztien aurka" mobilizatzen segitzea, "palestinar herriaren eta erresistentziaren alde". "Antolatzen jarraitu behar dugu, berandu baino lehen, gerra eta sarraskia baino eragiten ez dituen inperialismoaren kontra altxatuko den herri guztietako langileon indar internazionalista baten alde", gaineratu du.

Palestinaren aldeko aldarria estadioetan

Aurreko astean, Euskal Herriko hainbat kirol-hitzordutan hartu zuen indarra Palestinarekiko elkartasunak. Buesa Arenan bertan, Palestinaren banderak erakutsi zituzten ikusle ugarik Baskoniaren norgehiagoka batean, eta berdin egin zuten Donostiako (Gipuzkoa) Reale Arena zelaian, Realaren partida batean. Horren aurretik, Palestinarekin Elkartasunak deituta, protesta bat izan zen estadiotik gertu, klubeko presidente Jokin Aperribayk armagintzarekin duen lotura zuzena gaitzesteko.

Gaurko partida 20:30ean hasi da, baina, protesta modura, ikusle ugari geratu dira kanpoan partidaren aurreneko 15 minutuetan. Gero, norgehiagokan zehar, ozen entzun dira hainbat aldarri; besteak beste, "Maccabi kanpora".

NO HAY COMENTARIOS