ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Irekia
2025/11/12 11:15

Gazako genozidioan zehar, Sidenor siderurgia-enpresak ez dio utzi Israelgo Estatuko armamentu-industria altzairuz hornitzeari, eta 30 bidalketa baino gehiago egin ditu 2023ko azarotik 2025eko ekainera bitartean, elDiario.es-ek Espainiako Auzitegi Nazionalaren ikerketari lotuta eskuratu ahal izan duen dokumentazio judizialaren arabera.

Francisco de Jorge Mesas epaileak asteazken honetan inputatuko ditu Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea eta beste bi enpresaburu, kontrabandoa eta gizateriaren aurkako krimenekiko konplizitatea egotzita. Auto judizialak jasotzen duenez, altzairua "armamentua ekoizteko zela jakinda" egin zituen salmentak euskal enpresak, eta "gobernuari dagokion baimena eskatu gabe".

Kataluniako Komunitate Palestinarraren kereila batean oinarritzen da ikerketa, eta zehazten du bidalketak 2023ko azaroaren 25ean hasi zirela (Gazan eskala handiko sarraski sionistak hasita zeudenean), eta 2025eko ekainera arte luzatu zirela gutxienez. Dokumentatutako bidalketen artean, bat 2025eko ekainaren 10ekoa da, MV VELA ontziak 393 tona altzairu garraiatu baitzituen Espainiako Estatutik Israelgo Estatu genozidak okupatutako Palestinara.

Kausa berean aipatzen dituzte The Ditch hedabide irlandarraren datuak: Sidenorrek gutxienez 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari 2024ko abuztutik; besteak beste 239 tona 2024ko abuztuan, 219 tona 2025eko martxoan eta 356 tona 2025eko maiatzean.

Natalia Abu Sharar Kataluniako Komunitate Palestinarreko presidenteak auziaren berritasuna azpimarratu du: "Espainiako Estatuan horrelako ikerketa bat irekitzen den lehen aldia da, baina ez da azkena izango". IMI Systemsek (Israelgo Elbit Systems erraldoi teknologiko militarraren jabetzakoa) armamentua, artilleriako munizioak eta gailu aurreratuak ekoizten ditu, batez ere Israelgo okupazio-armadak erabiltzen dituenak.

Sidenorreko buru Jose Antonio Jainaga, bestalde, duela gutxi sartu dute Forbes zerrendan, 450 milioi euroko dirutza baitu. Espainiako Estatuko 100 pertsona aberatsenetako bat da.

NO HAY COMENTARIOS