Sestaon (Bizkaia) duela hamahiru urte birjabetu zuten bere garaian Bizkaiko Labe Garaien (AHV, gazteleraz) ikastun-eskola zena, Txirbilenea Kulturgune bilakatzeko. Denbora honetan guztian, askotariko proiektu eta dinamika kolektiboak antolatzea ahalbidetu du espazioak. Une honetan, gainera, bertan bizi dira bizitoki-alternatibarik ez daukaten hamasei pertsona migrante.
Eraikina "bizigarria" ez dela eta bertan lan batzuk egitea beharrezkoa dela argudiatuta, Txirbilenea desalojatu nahi du Sestaoko Udalak (EAJ eta PSE-EE). Hala, espazioa edozein unetan husteko agindua eman du, eta arrisku bizian dago. Horrekin batera, beraz, kale gorrian gelditzeko arriskuan daude bertan bizi diren emakume langileak eta euren senideak.
Udalak erabilitako aitzakiaren aurrean, proposamen bat egin du Txirbilenea Kulturguneak: udal gobernuak martxan jarri nahi dituen obrak egitea, baina espazioa hustu gabe eta bertako kideek tokian jarraituta. Oraingoz, ez dago erantzun zehatzik. Kulturguneko kideek salatu dute, gainera, "administrazio-prozedurak" urratuta hustu nahi duela espazioa udalak.