ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020ko otsailean Iruñean izan zen manifestazioko irudi bat.
2022/11/16 10:19

Urriaren 19an epaitu zituzten sei gazte Iruñean (Nafarroa), Pablo Haselen espetxeratzea salatzeko protestei lotuta. 2020ko otsailean kartzelaratu zuten rap abeslaria, eta hamaika tokitan piztu ziren protesta jendetsuak, Iruñean barne. 2020ko otsailaren 20an, hain zuzen, manifestazio bat izan zen han, Iruñerriko Gazte Koordinadora Sozialistak deituta. Espainiako Polizia nahiz Foruzaingoa oldartu ziren manifestarien kontra, eta istiluak izan ziren Alde Zaharrean. Beranduago, Iruñerriko beste hainbat auzotan ere zabaldu ziren istiluak; esaterako, Txantrean, Errotxapean nahiz Mendillorrin.

Gau horretan bertan bi lagun atxilotu zituzten poliziek. Martxoaren 4an, baina, beste zazpi lagun eraman zituzten atxilo, otsailaren 20ko gertakarien harira. Haietako sei epaitu zituzten joan den urriaren 19an, eta kartzela-zigorrak nahiz isun ekonomikoak eskatzen zituzten haientzat. Atxilotutako gainontzeko hiru gazteak prozesutik kanpo utzi dituzte.

Epaiketako sententzia argitara atera da jada, eta epaitutako sei gazteak zigortu dituzte. Manifestazioan poliziak kargatu ostean izan ziren istiluei lotuta, "desordena publikoak eragitea" eta "autoritateari atentatu egitea" egotzi diete biri, eta bi urteko espetxe-zigorrak ezarri dizkiete. Hirugarren auzipetu bati poliziei mehatxu egitea leporatu diote, Alde Zaharreko protesten testuinguruan hori ere; bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra jarri diote hari. Sumario berdinean sartu dituzte, bestalde, gau horretan, beranduago, Iruñerriko beste hainbat auzotan izan ziren liskarrak. Hala, epai berdinaren barruan, laugarren gazte bat zigortu dute, Mendillorrin poliziei "lesioak eragin" zizkiolakoan.

Horretaz gain, beste bi gazte zigortu dituzte, gau horretan polizien lana oztopatzea —kotxea erabilita— eta protestan zeuden pertsonekin "kolaboratzea" leporatuta. Zehazki, manifestariei aginduak ematea eta, besteak beste, haiei polizia-agenteen lokalizazioa jakinaraztea egozten diete. Bost hilabeteko zigorrak ezarri dizkiete horregatik. Orain, zigorren kontrako helegiteak aurkeztu edo ez aztertzen ari da defentsa.

NO HAY COMENTARIOS