Basque Segurtasun Foroa abian jarri du Eusko Jaurlaritzak, "delituen gorakada moztu behar dela" argudiatuta, batez ere Bilbon (Bizkaia) eta Gasteizen (Araba). 31 lan-saioren bidez, "segurtasun integralaren" inguruko "diagnostiko partekatuak" eta hausnarketak egingo dituztela dio gobernuak, Ertzaintza buru duela, 2025-2030 Segurtasun Plana sortzeko. Atzo bertan aurkeztu zuten ekimena Bilboko (Bizkaia) Euskalduna Jauregian, eta horren beharra justifikatzen saiatu zen Imanol Pradales, "segurtasunari" lotutako arazoekin "kezkaturik" dagoela eta "egiten duenak ordaindu" egin behar duela esanez.
Adituen mahai bat osatu dute gogoeta gidatzeko, EITBren arabera, "arlo instituzional, sozial, enpresarial eta akademikoko" parte-hartzearekin. Hain zuzen ere, EAEko hiru foru-aldundiak, hainbat alkate, udaltzaingoak, suhiltzaileak, enpresa eta azpiegitura nagusietako buruak eta abar gonbidatuko dituzte, antza.
"Justizia, zibersegurtasuna, ekimen jendetsuen kudeaketa, klima-larrialdiak eta segurtasun nazionala" landuko omen dituzte urtebete iraungo duten lan-saio ugarietan, eta uztailaren 9an izango da aurrenekoa. Lekuan leku ere egingo omen dituzte bilerak (Bingen Zupiriaren esanetan, batez ere ertzain-etxeak dauden 24 eskualdeetan), elkarlanean "tokiko entitateekin eta agente sozialekin, hezkuntzakoekin eta ekonomikoekin".
Foroaren aurkezpen-ekitaldian parte hartu zuten lehendakariak berak, EAEko Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak, CounterCraft enpresako sortzaile David Barrosok, Feyenoord futbol-klubeko segurtasun zuzendari Bernard Gerritsmak, ingurumen-kudeaketako Ihobe sozietateko Mari Mar Alonsok eta Bavierako Poliziako buru Sigrid Kienlek, besteak beste.