ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Mediapart
2024/07/29 09:46

Gorroto-diskurtso sionista eta gertakarien bere kontakizuna errazago zabaldu ahal izateko, zuzenean zentsurara jotzen du Israelgo Estatu genozidak. Electronic Frontier Foundation (EFF) erakundearen arabera, sionistek sistematikoki egin dizkiete eskaerak sare sozialen plataformei, milaka profil eta eduki zentsura zitzaten. Horretarako, aski ezaguna den aitzakia bat erabili izan dute: seinalatutako edukiek "biolentzia" edota "terrorismoa" sustatzen zituztela esan dute.

Urriaren 7tik azaroaren 4ra bitartean, egun horietako gertakarien kontakizuna guztiz markatzeko saiakera masibo bat egin zuten agintaritza sionistek: zehazki, 9.500 profil edo eduki ezabatzeko eskaera egin zieten hainbat plataformari. Meta taldeari egin zizkioten eskaera horien %60, eta men egin zien enpresak: sionistek kriminalizatutako profilen eta edukien %90 ezabatu zituen. Facebook, Instagram, Whatsapp eta abarren enpresa nagusia da Meta.

Enpresen sumisio hori ez da, ordea, inola ere berria. Israelgo Unitate Zibernetikoak askotan esan du, harrokeriaz, egiten dituen zentsura eskaera gehienak betetzen dituztela plataformek: %90erainokoa omen da betetze hori. EFFk gogorarazi duenez, zentsura horrek eraso egin die, besteak beste, "palestinarren eskubideen aldeko aktibistei, albiste-taldeei eta gizarte zibilari". Hainbat sare sozialetan, beraz, agintaritza sionisten eskaeren arabera aldatu eta egokitu dute argitaratu daitekeen edukia.

Zenbait sare sozialen praktika zehatzen berri ere eman du EFFk. X eta TikTok sare sozialek, esaterako, are gehiago mugatu dute argitara eman daiteen informazio eta eduki mota. Metak, zuzenean, aitortu du zentsuratu egin dituela hainbat iruzkin, besteak beste, Palestinako bandera zeramatelako; eta debeku zuzena jarri dio arabierazko "shaheed" adierari ("martir" adierazteko erabiltzen da).

NO HAY COMENTARIOS