ACTUALIDAD / Represión
Sanferminetan aldarri politikoak egiteko eskubidea defendatu dute hainbat kolektibok
Iaz 50 identifikatutik gora, "beste hainbeste kolpatu" eta atxilotu bat izan ziren jaien lehen egunean; eta, orain, "bigarren atxilotu bat, deklaratzera deitutako pertsona bat eta egun horretako 8.000 euroko isunak gehitu behar zaizkio" zerrendari, Mugimendu Sozialistak, Indar Gorrik, Harituk eta AZGMk salatu dutenez. "Jaiak aldarrikapenez eta borrokaz betetzera" deitu dute.
2026eko uztailaren 2 - 10:28
Sanferminetan aldarri politikoak egiteko eskubidea defendatu dute hainbat kolektibok

2026ko San Fermin jaien atarian, iaz propaganda politikoaren aurka izandako errepresioa ekarri dute gogora Iruñerriko hainbat kolektibok, agerraldi baten bidez. "Iruñerriko herri-mugimenduak urteak daramatza uztailaren 6an propaganda politikoa egiten eta txupinazoa aldarrikapenez betetzen. Aurreko urtean, ordea, aspalditik gertatzen ez zen egoera bat bizi izan zen: errepresio zuzena Espainiako Polizia Nazionalaren eta udalaren agindupeko udaltzaingoaren partetik", seinalatu dute Mugimendu Sozialistak, Harituk, Indar Gorrik eta Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak (AZGM).

Gogora ekarri dute jaien lehenengo egunean, uztailaren 6an, 50 pertsona identifikatu eta "beste hainbeste kolpatu" zituztela aldarri politikoak plazaratzeko ekintzetan, eta pertsona bat atxilotu zutela gainera. "Orain, jasandako errepresioari bigarren atxilotu bat, deklaratzera deitutako pertsona bat eta egun horretako 8.000 euroko isunak gehitu behar zaizkio. Auzipetuei dagokienez, horietako bati bost urte eta erdiko espetxe-zigorra, 20.000 euroko isuna eta bost urtez sanferminetan egoteko debekua ezarri dizkiote", jakinarazi dute.

"Instituzioetatik at antolatzen diren kolektiboak itotzeko helburua"

Gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez, sanferminak "gero eta gehiago kontsumo eta turismora bideratuta dauden bitartean", enpresen irabaziak "oztopatzen" dituzte nolabait antolakunde politikoek eta euren aldarriek, "normaltasun kapitalista hankaz gora jarriz". Horrela sakondu dute: "Poliziak, statu quoaren bermatzaile izanik, ezin du onartu kaleak aldarrikapenez beterik egotea, eta instituzioen oniritziarekin, propaganda politikoa egiten duten antolakunde horien kontra egiten du. Horren atzean, protesta soziala kontrolatzeko, eta bide batez, instituzioetatik at antolatzen diren kolektiboak itotzeko helburua dago".

Horiek horrela, uste dute "militantzia politikoaren aurkako erasoa" izan zela iaz gertatutakoa, eta erantzuleak seinalatu dituzte: "Alde batetik, Polizia, indar betearazle gisa; eta, beste aldetik, haien defentsan atera ziren instituzioak".  Eta gaineratu dute: "Polizia ez da herriaren defendatzailea, boteretsuen klase-pribilegioen eta ordena sozialaren defendatzailea baizik. Zein da bestela kolektiboen adierazpen-askatasuna zapaltzeko arrazoia?".

Kaleko saltzaileen kontrako errepresioa

Aldarri politikoak egiten ari ziren pertsonek jasandako jazarpenaz gain, iazko uztailaren 9an Karlos III.aren etorbidean materiala saltzen ari ziren lagunek pairatutako errepresioa oroitarazi dute gaurkoan. "Foruzaingoak pertsona horiek identifikatu zituen eta isuna jarri zien, eta hori gutxi balitz, piperbeltz espraiarekin eraso zien, haietako bati arnas-krisia eraginez. Foruzaingoa joan ondoren, udaltzaingoa agertu zen, gazteak inguratu zituen eta osasun-langileen lana oztopatu zuen". Agerraldian bildu diren kolektiboen esanetan, "pertsona arrazializatuek jasaten dituzten arrazakeria, kriminalizazioa eta errepresio poliziala" agerian geratu ziren berriz.

Protesta-eskubidea

Iazko sanferminei buruzko balantze errepresiboa egitearekin batera, "gizarte bidegabe honen aurkako protesta-eskubidea" aldarrikatu dute kolektiboek, eta esan dute "kaleak aldarrikapen politikoz betetzen jarraituko" dutela, "bai sanferminetan baita urteko gainontzeko egunetan ere". 

"Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari mezu irmo bat bidali nahi diegu: ez diogu protesta egiteari eta defendatzen duzuen sistemaren miseriak salatzeari utziko. Ez gaituzue isilduko. Eta aurten ere gertatzen baldin bada, adierazpen-askatusunaren urraketa berriz salatuko dugu", gehitu dute. "Jaiak aldarrikapenez eta borrokaz betetzera" deitu dute, beraz.