ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/29 09:50

Tinko antolakundeak jakinarazi duenez, preso politikoen bisita eskubidea urratzen ari dira EAEn. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ardurapean dauden espetxeetan, hainbat pertsonari debekatu diete presoekin elkartzea, arrazoi ideologikoetan oinarrituta.

Presoek zenbait bisita jasotzeko eskaerak egitean, ezezko erantzuna jaso dute zenbait kasutan, inolako azalpenik gabe. Oraingoan, baina, eskaeretako baten ebazpena jasotzen duen dokumentua utzi dute preso baten esku, ohartu gabe. Hala dio idatzi horretan azaltzen den ebazpenak, egindako bisita eskaera bati buruz: "Kontrako erabakia: zerbitzu honek jasotako informazioari jarraiki, ________ [bisitaria izango litzatekeena] ildo ofizialaren aurkako taldeei lotuta dago, horiek konfrontazio estrategiaren aldekoak direlarik, eta eskaera egin duen presoarekin profil hori partekatzen du".

Espetxea eta preso politikoen kontrako jazarpen jarraitua

"Euskal Herrian egonda ere, kartzelaren funtzioa gailentzen da beti, eta hori presoak zigortzea eta isolatzea da", salatu du Tinkok: "Kartzela bazterketa eta miseriaren ondorioz gizarte burgesaren parametroetan sartzen ez den oro kaletik ezabatzeko bitartekoa da. Zer esanik ez militante politikoei dagokienez, izan ere, horiekiko helburua zigor eredugarria ezartzea da, izua zabalduz, sistemari aurre egiten diotenen militantzia baldintzatu nahian".

Nabarmendu du "kartzelak beste kartzela mota asko" dituela bere barruan, "presoaren jarreraren arabera hori are gehiago zigortzeko, baldin eta makurtzen ez bada"; "ala malgutasun handiagoz jokatzeko, zigorra onartzen badu". Bestalde, seinalatu du bisiten azken ukapenek eta halako neurriek "agerian uzten" dutela "militante politikoen aurkako jazarpenak jarraitzen duela eta, gainera, erabaki politiko baten ondorio dela".

Jardun politikoa, jopuntuan

"Euskal Herrian ez ditugu bermatuta eskubide politiko oinarrizkoenak ere, hala nola biltze, antolatze, mobilizatze eta adierazpen askatasunerako eskubideak", dio Tinkok. Ohartarazi du Espainiako Auzitegi Nazionalak urteak daramatzala "antolakunde ezberdinen inguruko txostenak biltzen", polizia-indarrekin lankidetzan, antolakunde horien "jarduera oztopatzeko eta, baliteke, legez kanpo uzteko helburuarekin".

NO HAY COMENTARIOS