ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Guaixe
2022/09/05 11:06

Beste hainbat urtetan bezala, errepresioaren kontrako hitzordu bat zegoen jarrita Altsasun (Nafarroa) pasa den astebururako: Ospa Eguna. Egun osoko egitaraua zegoen prestatuta, eta eguerdian eman zieten hasiera ekimenei Iortia zentroan, polizia-ereduari buruzko mahai-inguru batekin.

Altsasuko Isunen Aurkako Taldeak azaldu duenez, lehenik eta behin, "Poliziaren normalizazio-prozesuaz" aritu ziren saio horretan. "Errepresioaren legitimizazio kulturala izaten ari da burgesiaren partetik eta, testuinguru horretan, alderdi politikoek funtzio hori bete dute indar polizialen normalizazioan. Horren adibide da EH Bilduk adieraztea Foruzaingoaren erretiro-adina jaistea garaipen bat dela", salatu zuten: "Normalizazio hori langile-klasearen interesen alde egiten dela aldarrikatzen dute batzuek, baina etorkizun beltz horretarako testuingurua prestatzen ari da burgesia".

Beste zenbait ondorio ere atera zituzten mahaira, besteak beste, "Polizia erreformatzea ezinezkoa" dela: "Jende askorentzat Polizia gizartearen parte den izate natural bat da, baina horren sorrera Kapitalaren dinamikaren baitan txertatzen da. [...] Horregatik, nahiz eta beste funtzio bat ematen saiatu, Polizia instituzio sozial bezala ezin da erreformatu. Berezkoak dituen kontrol- eta errepresio-funtzioak mantenduko ditu; burgesiak Kapitala metatzeko status quoa bermatu behar du eta eginbehar hori Poliziak hartzen du".

Horri lotuta, "Poliziaren nazionalitatearen" inguruan egin izan diren hainbat baieztapen aipatu zituzten mahai-inguruan: "Alderdi sozialdemokratetatik esaten da hemengo Polizia demokratikoagoa izan daitekeela, haren integrazioa bultzatuz, baina hori ezinezkoa da".

Gaur egun, beraz, funtsezkoak diren zenbait eginbeharri heldu behar zaiela aldarrikatu zuten hizlariek; esaterako, "Poliziak errepremitzeko dituen baldintzak desnormalizatzea eta borrokatzea". Gaineratu zuten "Polizia termino bezala gainditzea" beharrezkoa dela eta, horretarako, ezinbestekoa dela "bere funtzio soziala desagertzea", hau da, "sistema kapitalista amaitzea".

Mobilizazioa

Mahai-inguruaren ostean, bazkari bat izan zen Iortian bertan, eta 18:30ean Altsasuko plazatik hasita, manifestazio bat egin zuten: Poliziarik ez! Langileon aurkako errepresioa gelditu lelopean atera ziren kalera 1.500 pertsona inguru. "Poliziarik ez dugula nahi argi esateko batu gara Altsasun", adierazi zuten manifestazio bukaeran.

Polizia-indarrak "normalizatzeko kanpaina" seinalatu zuten berriz, eta indar horiek gauzatzen duten errepresioaren hainbat adibide ekarri zituzten gogora; adibidez, hainbat eta hainbat altsasuarri jarri dizkieten 30.000 euroko isunak, Indar Gorri taldeko kideei ezarritako 60.000 euroko isunak, edota Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuari jarritako zigorrak; osotara, 70.000 eurokoak direnak.

NO HAY COMENTARIOS