ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/12/13 12:25

Aurrekari arriskutsu bat ezarri dute Madrilen, Polizia agindu judizialik gabe etxe batera sartzeko aukerari dagokionez, bistako deliturik ez egon arren. Espainiako Poliziako bi agente epaitu dituzte berriki, 2021ean, ariete bat erabilita eta indarrez, etxe batera sartzeagatik. Ez zeukaten horretarako agindu judizialik. Dena den, berriki jakinarazi dutenez, polizien aldekoa izan da herri-epaimahaiaren ebazpena: absolbitu egin ditu. Epaimahaiak aho batez erabaki du Poliziak ez zuela egoitza bat bortxatzeari (allanamiento de morada, gazteleraz) lotutako deliturik egin.

2021eko martxoaren 21ean izan zen Poliziaren erasoa, pandemia garaian. Sona handia izan zuen gertatutakoak, bideoz grabatu baitzuen etxe barruan zegoen pertsonetako batek, eta argitara eman zituzten irudiak. Egun horretan hainbat gazte elkartu ziren Lagasca kaleko pisu batean, eta horregatik bertaratu zen Polizia; orduko araudi autoritarioak eta zalantzagarriak debekatu egiten zuen etxeetan elkartzea, berez. Poliziak identifikatzera behartu nahi izan zituen gazteak, baina haiek ez zuten atea ireki nahi izan. Orduan, ariete bat hartuta, indarrez sartu ziren polizia-agenteak, agindu judizialik gabe. Barruan zeuden bederatzi pertsona atxilotu zituzten.

Defentsak jakinarazi du ez duela ontzat ematen ebazpena, eta helegite bat aurkeztuko duela Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusian. 2021eko martxoan gertatutakoagatik prozedura judiziala abiatu zenean, sei polizia zeuden auzian sartuta. Joan den azaroan grabazioak ikusi ondoren, baina, sei horietatik lauren kontrako akusazioak atzera bota zituen akusazio partikularrak. Fiskaltzak, berriz, sei poliziak utzi zituen aske. Aldaketa horren ostean, bi polizia baino ez dira auzipetuta egon, egoitza baten bortxatzea (allanamiento de morada) leporatuta. Herri-epaimahaiak, ordea, polizien absoluzioaren alde egin du azkenean.

Duela bi urteko martxoan etxe batera indarrez sartu ziren poliziek kamerak zeramatzaten gainean, baina ez ziren ofizialak eta legezkoak. Hala ere, irudi horiek erabili dituzte epaiketan, eta oinarri modura erabili dituzte agenteak absolbitzeko. Irudi horiek erakusten dute nola saiatu zen Polizia sarraila indarrez behartzen, etxe barruan arau-hauste batzuk izaten ari zirela iritzita. Ez zuten lortu, baina, modu horretan pisura sartzea. Poliziek orduan esan zieten barruan zeuden gazteei indarrez botako zutela atea, eta halaxe egin zuten. Azalpen hori nahikoa iruditu zaie epaitegietan, Polizia absolbitzea erabakitzeko.

NO HAY COMENTARIOS