ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: mediabask.eus
2021/01/07 19:56

Parisko Dei Auzitegiak ontzat eman du 2020ko ekainaren 23an Zigor Auzitegiak Mikel Barriosi ezarritako zigorra: bost urteko espetxealdia eta FIJAIT fitxategian sartzea. Epaia guztiz finkatuta egongo da bost eguneko epean eta, hortik aurrera, fiskaltzaren esku egongo da zigorraren egikaritzea; orduan, "zehatzago ezagutuko da konplimenduaren luzeera". 

Atzo, urtarrilak 7, elkarretaratzea egin zuten Itsasun (Lapurdi), Barriosi elkartasuna adierazteko; gaur egun, Itsasun bizi da iruindarra. Aurreko urteko urriaren 7an utzi zuten aske, epaiketa egunera arte behintzat, Jendarmeriaren Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) polizia-etxera astero bertaratzeko baldintzapean.

FIJAIT fitxategia

Frantziako fitxategi judizial automatizatua da FIJAIT, eta bertan jasotzen dituzte "arau-hauste terroristen egileak". 2016. urtean sortu zuten, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatuaren ostean, hain zuzen ere. Fitxategi horrek, ustez, "terrorismoarekin lotura" duten petsonak zerrendatzen ditu.

FIJAIT martxan jarri orduko jaso zituzten euskal preso politikoek zein preso politiko ohiek bertan sartu izanaren jakinarazpenak. Hala, neurri zorrotzak bete behar dituzte zerrenda horretan daudenek, besteak beste: hiru hilabetero aurkeztea eta bizitokia zein den jakinaraztea, Frantziako Estatuak barne hartzen duen lurraldetik atera nahi izanez gero 15 egun lehenago jakinaraztea eta justifikatzea, "bilatutako pertsona" gisa sailkatuta egotea, eta abar. Neurriak nolabait urratuz gero, kartzela zigorren nahiz isunen bidez zigor ditzakete.

Epaiketa egiten den egunetik 20 urtez luza daiteke FIJAIT fitxategian sartuta egotea, eta 10 urtez, aldiz, neurri eta betebeharrak. Zerrendan barne hartzea, gainera, behin zigorra amaitzean —kartzelatik ateratzean— gertatzen da.

NO HAY COMENTARIOS