ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Los Angeles Times
2024/05/03 09:20

Amerikako Estatu Batuetako ikasleek asteak daramatzate Palestinaren alde mobilizatzen. Campus ugaritan ari dira kanpaldiak egiten, baina polizia-indarrak gogor ari dira horiek desegiten eta ikasleak zapaltzen. Argitaratu dituzten azken datuen arabera, 2.000 ikasle baino gehiago atxilotu dituzte apirilaren 18tik hona.

Azken egunetan, New Orleanseko eta Arizonako unibertsitateetan gogor jo dute poliziek mobilizatutako gazteen kontra; eta joan den ostegun goizaldean, esaterako, Kaliforniako Unibertsitateko (UCLA) kanpalekua desegin du Poliziak Los Angelesen.

Ehunka agente campusera sartu dira indarrez, frankotiratzaile eta guzti, eta 200 ikasle inguru eraman dituzte atxilo. Besteak beste, gomazko pilotak eta negarra eragiteko gasa erabili dituzte manifestarien kontra. 1.000 pertsona inguru zeuden kanpaldian.

Sionisten aldeko faxistak eta militarrak

Hainbat kasutan, estatu sionistaren aldeko manifestariak ere bertaratu dira kanpalekuetara, Palestinaren alde protestan ari ziren ikasleak jazartzera. Hala gertatu da, adibidez, Los Angelesen bertan. Asteazkenetik ostegunerako gauean, Palestinarekin elkartasunez egindako kanpaldiari eraso egin diote hainbat faxistak, maskara zuri batzuk jantzita. Makilekin eta metalezko barrekin joan dira kanpalekura, eta, besteak beste, su artifizialak jaurti dituzte manifestarien kontra.

Dena den, aurrera jarraitzen dute Palestinaren aldeko protestek campus ugaritan. Polizia-indarrek hartu dituzte unibertsitate ugari, ordea; eta, hainbat kasutan, militarrak ere joan dira protestak itotzera.

Joe Bidenen adierazpenak

Unibertsitateko gertakariei buruz hitz egitean, Joe Bidenek esan du beharrezkoa dela "ordena gailentzea". Palestinaren aldeko mobilizazioak kriminalizatzeko, "bortizkeriarekin" eta "bandalismoarekin" lotu ditu, besteak beste. Adierazi du "demokrazian disidentzia funtsezkoa" dela, baina horrek ez duela "inoiz desordena eragin behar", eta ez dituela "inoiz gainerako ikasleen eskubideak urratu behar".

Kazetari batek galdetu dionean ea campusetako protestek eraginik izan ote duten AEBetako gobernuak sionistekin dituen harremanak eta politikak berraztertzeko, argia izan da presidentearen erantzuna: ez.

NO HAY COMENTARIOS