Palestinan, odoltsua izan da joan den asteburua ere, eta dagoeneko 5.000 dira, urriaren 7tik hona, sionistek Gazan eraildako palestinarrak. Ez dute etenik Israelgo Estatu genozidaren bonbardaketek eta erasoek, eta sionistak Mendebaldearen erabateko konplizitatearekin ari dira Palestina sarraskitzen. Euskal Herrian ere jarraitzen dute Palestinako herriari elkartasuna adierazteko mobilizazioek, eta Ikasle Abertzaleak antolakundeak lau deialdi berri egin ditu aste honetarako.
Ostegunean, urriaren 26an, Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatuko dira ikasleak, Palestinako herriari babesa emateaz gain, "Israelgo Estatua zein bere aliatu guztiak sarraskiaren erantzule bezala" seinalatzeko. Gasteizko (Araba) campusean 11:30ean hasiko da manifestazioa, Elurretatik. Bilbon (Bizkaia) 13:00etarako jarri dute hitzordua, Indautxu plazan. Ordu erdi beranduago hasiko da Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) mobilizazioa, 13:30ean, campuseko Aulariopetik. Iruñean (Nafarroa), bestalde, 13:45ean elkartuko dira, Liburutegi plazan.
Aurreko astean, elkarretaratzeak egin zituen IAk zentzu berdinean. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Eibarko (Gipuzkoa), Leioako (Bizkaia), Ibaetako eta Gasteizko campusetan nahiz Bilboko Sarrikoko fakultatean mobilizatu ziren ikasleak, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere, Iruñean.
Ostegunean, gainera, pintaketa eta margo gorri bidez markatuta agertu ziren EHUko errektoretza (Leioako campusean) eta Bilboko Ingeniaritza Eskola. Unibertsitatea ere Palestinako sarraskiaren erantzule modura salatu zuten modu horretan; besteak beste, Israelekin eta indar militar sionistekin lotutako hainbat enpresarekin EHUk daukan harreman zuzena dela-eta.