"Palestinako Agintaritzak Zisjordanian erresistentziako borrokalariak etengabe jazartzeak, haien armak konfiskatzeak, erasoaldietan okupazioari aurre egiteko segadak desegiteak (batez ere iparraldean) eta lehergailuak eraisteak berekin dakar okupazioari mesede egitea eta gure lurraren eta herriaren aurkako eraso basatian parte hartzea, modu praktikoan". Palestinako milizianoek gogor hitz egin dute berriz Palestinako Agintaritzaren (PA) kontra, erresistentziaren kontra betetzen duen funtsezko zeregina seinalatuta.
Izan ere, atzo bertan salatu zuten erresistentziako borrokalarien aurkako operazioak egiten jarraitzen duela PAk (Mahmud Abbas presidente palestinarra du buru), bere kontrolpeko segurtasun-indar polizialen bitartez. Hortaz, Israelgo Estatu sionistaren okupazio-lan kriminalarekin kolaboratzen segitzen du PAk, Palestinako erresistentziari hamaika oztopo jarrita.
Palestinako Agintaritza, konpromiso batean
Palestinako erresistentziak nabarmendu du "erresilientziaren kontrako kolpe bat" dela okupazio sionistarekin kolaboratzea, eta sekulako kaltea egiten diela horrek "palestinar herriaren sakrifizioei eta erresistentziari". Hala, palestinar erresistentzia antolatuak konpromiso batean jarri nahi izan du PA, ikusita, besteak beste, Zisjordanian ere areagotzen ari dela Israelgo Estatuaren oldarraldia.
Erresistentziak PAri eskatu dio bertan behera utz ditzala bere "portaera susmagarri eta onartezinak", eta lan egin dezala bere esku dauden "segurtasun-indarrek erresistentzian parte har dezaten", "okupazioari aurre eginez eta hura palestinar lurretatik kanporatuz".
Izan ere, hainbat susmo plazaratu dituzte milizianoek: esan dute, kasualitatea bailitzan, PAren polizia-indarren "kanpaina susmagarriak" bat egin duela Israelgo Estatuaren eta kolono sionisten azken erasoekin; eraso horiek, gainera, nabarmen areagotu dira Zisjordanian.