ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/08/29 07:25

Joan den otsailaren 28an atxilotu zuten Pablo Gonzalez Polonian, Ukrainako mugatik hurbil. Kazetaritza lanak egiten ari zen, Ukrainan leher egin zuen gudak eragindako errefuxiatu olatuen berri ematen hain zuzen, eta Errusiako zerbitzu sekretu militarrentzako espioi modura aritzea leporatu dio Poloniako Barne Segurtasun Agentziak (ABW). Hala, behin-behinean espetxeratu zuten, eta sei hilabete daramatza gatibu; alegia, 183 egun.

Poloniako Przemsyl eskualdeko auzitegiak birritan erabaki du behin-behineko kartzelaldia luzatzea, fiskaltzaren eskaerei men eginda. Maiatz amaieran luzatu zion kartzelaldia hiru hilabetez, eta erabaki berdina hartu du berriki: aurreko astean jakinarazi zuten kazetari nabarniztarrak beste hiru hilabete egin beharko dituela behin-behineko espetxealdian, gutxienez. Ustezko hainbat argudiori heldu diote horretarako; besteak beste, fiskaltzak adierazi du prozesuan "iruzur egin" dezakeela Gonzalezek eta ihes egiteko arriskua dagoela, bai eta "zigor handia" ezar diezaioketela ere.

Oraindik ez dute zehaztu noiz izango den Gonzalezen aurkako epaiketa, baina hamar urteko zigorra jar diezaiokete Errusiaren alde espioi modura jardutea leporatuta. Defentsak azpimarratu du oraindik ez dakiela zeintzuk diren bere aurkako froga zehatzak; beraz, mahai gainean frogarik izan gabe luzatu diote behin-behineko kartzelaldia bi aldiz, defentsak salatu duenez. Gonzalo Boye abokatuaren ustez, hain justu, froga sendorik ez izatea da behin-behineko espetxealdia behin eta berriz luzatzeko arrazoia. Maiatz bukaeran auzitegiaren erabakiari helegitea jarri zioten, baina atzera bota zuten. Oraingoan ere helegitea aurkezten saiatuko dira.

Gonzalezen inkomunikazioak, dena den, indarrean jarraitzen du oraingoz. Otsailean atxilotu zutenetik, ez diote utzi bere hurbilekoekin ez eta bere konfiantzazko abokatuarekin hitz egiten eta egoten.

NO HAY COMENTARIOS