ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Protesta Gernikan, aurreko asteburuan.
2023/02/28 10:38

2022ko otsailaren 28an atxilotu zuten Pablo Gonzalez kazetaria Poloniako hotel batean, Ukrainako mugatik gertu. Ukrainan gerrak leher egin ostean, kazetaritza-lanetan ari zen nabarniztarra: gudu-agertoki berriaren eta errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zen, besteak beste, Público eta La Sexta hedabideentzat. Poloniako autoritateek, baina, Errusiako inteligentzia militarrari informazioa ematea eta, beraz, Errusiaren alde espioi modura aritzea leporatu zioten. Hala, behin-behineko espetxealdian sartu zuten: Rzeszów-ko kartzela batean espetxeratu zuten lehenengo, baina Radomera lekualdatu zuten apirilean.

Poloniako auzitegiek behin eta berriz luzatu diote behin-behineko kartzelaldia; azkenekoz, hilabete honetan. Gutxienez maiatzaren 24ra arte berandutu dute bere atxiloaldia. Europar Batasunak berriki eskatu dio Poloniari, gehienez, bi urtez edukitzeko behin-behineko espetxealdian. Juan Teixeira #FreePabloGonzalez ekimeneko kidearen esanetan, baina, zenbait kasutan zortzi urtez ere luzatu dituzte "behin-behineko" atxiloaldiak.

Justiziak oraindik ez du zehaztu noiz epaituko duten Gonzalez, eta ez ditu aurkeztu bere aurkako froga zehatzak. Poloniak berriki egin dio eskaera bat Espainiako Estatuko Auzitegi Nazionalari, ia urtebeteren ostean: Gonzalezek espainiar nazionalitatea lortu ote zuen galdetu diote, susmagarritzat jotzen baititu nabarniztarrak Errusiarekin dituen lotura familiar eta pertsonalak. Bere gertukoek argitu dutenez, Errusian jaio zen kazetaria, baina haurra zenean mugitu zen Espainiako Estatura, eta orduan lortu zuen nazionalitatea.

Open Society Fundation erakundearen zerrenda batean, Errusiaren aldeko kazetaritzat jotzen da Gonzalez, 2016ko abuztutik. Espioitza delitua Poloniako zigor kodearen 130. artikuluan dago jasota: urte batetik hamar urtera arteko espetxealdiak aurreikusten ditu "Poloniako Errepublikaren aurkako atzerriko inteligentziako jarduerak" zigortzeko.

Muturreko baldintza makurrak

Preso sartu zutenetik izan dute Gonzalez baldintza latzetan. "Preso arriskutsutzat" hartzen dute Poloniako autoritateek, eta, beraz, ziegatik irteten uzten dioten ordu bakanetan eskuburdinekin lotuta izaten dute. Egunean 23 orduz daukate zeldan bakartuta, leihorik gabe. Ziegan, gainera, une oro daukate kontrolatuta, bideokameren bidez, eta hainbatetan miatzen dute egunean zehar, biluztera ere behartuz.

Osasun-arreta ukatu diote azaleko arazo bat izan duenean, eta bere gertukoek nekez lortu dute nabarniztarrari neguko arropa helaraztea, hotzari aurre egin ahal izateko.

Inkomunikazioa

Ia erabateko inkomunikazioan izan dute urte osoan. Hilabete luzez ukatu zioten bere gertukoekin eta bere konfiantzazko abokatuekin kontaktuan egotea, eta iazko azaroan izan zuen aurreneko bisita; senide batena. Gaur-gaurkoz ere debekatuta dauka bere hurbilekoekin kontaktu zuzen eta jarraia izatea.

Une honetan, harremanetan dago bere konfiantzazko abokatuarekin, bisitarik gabe izan arren. Dena den, atxiloaldiko aurreneko aldian, ofiziozko abokatu batekin baino ez zioten utzi harremanetan egoten Gonzalezi. Eta ofiziozko abokaturik ere ez zuen izan atxilotu eta hamasei egun igaro arte.

Inteligentzia zerbitzuen esku-hartzea atxilotu aurretik

Kazetaria atxilotu aurretik, Ukrainako, Poloniako nahiz Espainiako Estatuko inteligentzia zerbitzuek sartu zuten eskua. Ukrainako zerbitzuak pare bat aste lehenago jarri ziren Gonzalezekin harremanetan, eta galdekatu egin zuten. Esan zioten Errusiarentzako espioi modura aritzen zela susmatzen zutela; besteak beste, Gara egunkarian idazten zuelako eta Laboral Kutxaren txartel bat zuelako.

Poloniako inteligentzia zerbitzuek ere itaundu zuten atxilotu aurretik. Aldi berean, bere familiaren etxebizitzara bertaratu zen Espainiako Estatuko inteligentzia zerbitzua, Nabarnizera (Bizkaia). Gertukoei galdetu zieten Gonzalezen jardunari buruz.

Protesta, Kontseilu Sozialistak deituta

Aurreko igandean, kazetariaren atxiloalditik urtebete bete baino bi egun lehenago, elkarretaratze bat izan zen Gernikan (Bizkaia). Busturialdeko Kontseilu Sozialistak deituta, Gonzalezen askatasuna exijitu zuten protestan, bai eta NATO seinalatu eta adierazpen askatasuna aldarrikatu ere. Irakurri hemen Kontseilu Sozialistak nabarniztarraren espetxeratzearen harira egindako adierazpenak.

NO HAY COMENTARIOS