ACTUALIDAD / Represión
Pablo Gonzalez kazetaria espetxeratu dute Polonian
Polonian atxilotu zuten, Ukrainako gerraren berri emateko kazetaritza-lanetan ari zela. Lau egunez izan dute inkomunikatuta, eta behin-behinean sartu dute kartzelan; espioitzan aritzea leporatu diote. Espainiako eta Ukrainako zerbitzu sekretuek ere hartu dute parte Gonzalezen atxiloketan.
2022eko martxoaren 4
Pablo Gonzalez kazetaria espetxeratu dute Polonian

Pablo Gonzalez euskal kazetaria otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukrainako mugatik hurbil. Ukrainako gudaren berri ari zen ematen handik hainbat hedabiderentzat; besteak beste, errefuxiatu-olatuak zituen hizpide. Lau egunez izan dute inkomunikatuta, eta abokatu bat ondoan izan gabe egin dizkiote galdeketak. Gainera, ez diote kanpoko inorrekin harremanik izaten utzi, antza.

Gonzalezen abokatuak, Gonzalo Boyek, atzo jakinarazi zuen zein den kazetariaren egoera: espetxeratu egin dute Polonian, Rzeswów-ko kartzelan; han atxiki zuten otsailaren 28an. Espioitza delitu bat egozten diote; Poloniako Zigor Kodeko 130. artikuluan dago jasota delitu hori.

Boyeren esanetan, Gonzalez bakartuta galdekatzeak helburu bat izan zezakeen: "bere borondatea menderatzea, helburu ezezagunekin".

Azpimarratzekoa da, gainera, Ukrainako eta Espainiako zerbitzu sekretuek parte hartu dutela kazetariaren atxiloketan. Duela bi hilabete ere atxilotu zuten Gonzalez, Donbassen, kazetaritza-lanetan ari zela. "Errusiazaletzat" jo zuten, eta antza, Gara egunkariarentzat jardutea nahiz Laboral Kutxako kreditu txartel bat izatea hartu zuten susmagarritzat Ukrainako zerbitzu sekretuek. Dena den, aske utzi zuten azkenean.

Une horretan jo zuten Gonzalezen senideengana Espainiako zerbitzu sekretuek, Euskal Herrian zein Katalunian: haien etxeetara joan ziren agenteak, eta kazetariari buruzko informazioa eskatu zieten bere hurbilekoei. Espainiako Estatura itzuli zen orduan Gonzalez, baina zerbitzu sekretuetakoek ez zuten beregana jo.

Berriz ere berriemaile gisara aritzeko alde egin zuen, beraz, eta Polonian atxilotu dute azkenean. "Berriz hara itzuli arte itxaron dute haren kontra egiteko", dio Boye abokatuak.