Asteartean egin zuen agerraldi jendetsu bat Aroztegiko Auziperatuekin Elkartasuna Komiteak, epaiketaren data jakinarazteko eta mobilizatzera deitzeko. Zazpi pertsona daude auzipetuta Lekarozko (Nafarroa) Aroztegiko proiektuari aurre egiteagatik, eta 2025eko otsailean hasiko da euren kontrako epaiketa: otsailaren 3a, 4a, 5a, 6a eta 7a proposatu dituzte oraingoz.
Guztira, hogei urteko espetxe-zigorrak eskatzen ditu fiskaltzak auzipetuentzat, baita 56.000 euroko zigor ekonomikoak ere. Izan ere, "talde kriminal antolatu bat izatea" leporatu die (horretan tematu da Palacio de Arozteguia SM enpresa), baita "derrigortze- eta bortxa-delituak egitea" ere.
Obrak geldirik, 2021eko protestari esker
2021eko apirilean hasi ziren Aroztegiko proiektuari lotutako obrak, legez kontrako esleipen bati esker: hondeamakinak bat-batean agertu ziren, luxuzko hotel bat, golf-zelai bat eta 228 etxebizitza eraikitzeko lanei hasteko. Jende ugarik egin zion kontra obrari, protesta-kanpaldi baten bidez.
"Euskal Herriko herritarrei kanpaldia egitea eta makinen aitzinean gure gorputzak paratzea bertzerik ez zitzaigun gelditu", ekarri zuten gogora astearteko prentsaurrekoan. Modu horretan lortu zuten lanak gelditzea eta, askotan azaldu izan dutenez, Palacio de Arozteguia SM, TEX eta Queipo SM enpresak "etxera bidaltzea".
Manifestazioa Iruñean, otsailaren 1ean
Auzipetuei babesa emateko, manifestazio bat antolatu du Aroztegiko Auziperatuekin Elkartasuna Komiteak, datorren urteko otsailaren 1erako. Iruñean (Nafarroa) izango da. "Zazpi gara auzipetuak, baina herri oso baten kontrako zigorra da hau.
Aroztegikoa, urteetako herri-oposizioak ezaugarritu du. Lekarozko herria
xehatu eta gure lurren bizkar aberastu nahi dutenen kontra egin den
borroka da", aldarrikatu zuten auzipetuek agerraldian.