ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / @aroztegia_elkartasuna (Instagram)
2025/01/22 08:58

Gero eta gutxiago geratzen da Lekarozko (Nafarroa) Aroztegiko proiektuari aurre egiteagatik jopuntuan jarritako zazpi lagunak epaitzeko. Maiatzean izango da epaiketa Iruñean (Nafarroa), eta horren harira antolatu du mobilizazio bat Aroztegiko Auziperatuekin Elkartasuna Komiteak. Otsailaren 1ean izango da, 16:00etan Nafarroako Justizia Jauregitik abiatuta, Iruñean. Atzo egin zuten agerraldi bat bertan, deialdiaren nondik norakoak azaltzeko eta jasotako atxikimenduen berri emateko.

Lurraren defentsan, kriminalizaziorik ez, Aroztegia gelditu! lelopean izango da mobilizazioa, eta Euskal Herri osoko 140 kolektibo inguruk babestu dute; hala nola, hamaika Gaztetxe eta Gazte Asanbladak, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS), Ikasle Abertzaleakek (IA), Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB), Itaiak, Euskal Herria Bizirik plataformak, Aiaraldeko Mendiak Bizirikek, Araba Bizirikek, Malerreka Bizirikek, Sañu Bizirikek, Sustrai Erakuntzak, Urumeako Mendiak Bizirikek eta abarrek.

Fiskaltzak zigor eskaera altuak egin ditu zazpi auzipetuentzat: hogei urteko kartzela-zigorrak eta 56.000 euroko isunak eskatzen ditu, denera. "Trikimailu juridikoak erabili dira baztandarron iritzia eta hitza isiltzeko. Kriminalizazio saiakera salatu nahi dugu", esan zuten atzoko agerraldian. Jakinarazi zuten, gainera, bitartean martxan jarraitzen duela Aroztegiko proiektuak: hura geldiarazteko aldarria ere zabalduko dute otsailaren 1eko mobilizazioan.

Nafarroako Justizia Jauregiak berretsi zuen Palacio de Arozteguia SM enpresak legez kanpo ekin ziela Aroztegiko lanei. 2021eko apirilean hasi zen obra, legez kontrako esleipen bati esker: hondeamakinak bat-batean bertaratu ziren, luxuzko hotel bat, golf-zelai bat eta 228 etxebizitza eraikitzeko lanak hasteko. Protesta modura, makroproiektuaren aurkako kanpaldi bat izan zen bertan, eta horri lotuta auzipetu zituzten zazpi pertsona.

NO HAY COMENTARIOS