ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @ibpove
2020/01/28 18:53

2019ko Ospa Egunean Altsasuko (Nafarroa) "memoria historikoa herriko kaleetara ateratzea" erabaki zutela azaldu zuten Ospa mugimenduko kideek, larunbatean egindako agerraldian. "Memoria, greba batean Guardia Zibilak Emelio Iguzkitza tiroz akabatu zuelako. Gerra Zibilean eta ondoren etorritako gerraoste garaian 100 altsasuarrek bizia galdu zutelako. Memoria, indar parapolizilek gure bizilagunen kontra egindako atentatuengatik. Memoria, tortura jasan dutenengatik, preso egon diren eta oraindik preso dauden altsasuarrengatik", adierazi zuten, Guaixe hedabideak jaso duenez.

"Terrorismo" delitua egotzita, Dignidad y Justicia elkarteak salaketa jarri zuen Ospa mugimenduaren aurka, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hark Iruñeko Auzitegi Probintzialera bidali zuen auzia, "terrorismoa" ez, baina "gorroto" delitua egon zitekeelakoan. "Azken eraso hori ez da Ospa mugimenduaren kontrakoa soilik, guztion eskubide zibil eta politikoen aurkakoa baizik", salatu zuten agerraldian bildutako eragileek.

Eragileen babesa

Horren aurrean, Ospa mugimenduaren jarduera "guztiz zilegia" dela aldarrikatu, eta jazarpena arbuiatu eta elkartasuna adierazi zieten kideei, Auzitegi Probintziala egiten ari den ikerketa bertan behera uzteko exijitzearekin batera.

Ondorengo eragileek egin dute bat: Egubera kirol elkartea, Altsasu Memoria, aurtengo kintoak, Ikasle Abertzaleak, Altsasuko Gazte Asanblada, Presoen aldeko taldeak, Askapena, Altsasukoak Aske herri plataforma, AEK-ko irakasleak, Pentsiodunen koordinakundea, Altsasuko LAB, Txuixoo Yoseikan judo elkartea, Altsasuko mugimendu feminista, Euskal Herrian Euskaraz, Altsasuko herri bazkaria, Isunen kontrako taldea, Guaixe-ko langileak, Garraxi irratia, Altsasuko peñak, Altsasuko gaitariak, Altsasuko kuadrillen elektrotxaranga, Sakana Trenaren Alde AHTrik ez!, Kantuz abesbatza, Pilotajauku pilota taldeko junta, eta Aurrio trepalari taldea.

NO HAY COMENTARIOS