ACTUALIDAD / Régimen salarial
Bi lan-istripu larriren berri eman dute Mutiloan eta Zornotzan
Olio beroak zipriztinduta, emakume langile batek erredura larriak jasan zituen larunbatean Mutiloako jatetxe batean. Zornotzako San Antonio auzoan, berriz, atzo galdu zuen bizia gizon batek, gidatzen ari zen traktorea iraulita.
2024eko irailaren 16
Bi lan-istripu larriren berri eman dute Mutiloan eta Zornotzan

47 urteko langile bat larriki zauritu zen Mutiloan (Aranguren, Nafarroa) larunbat gauean. 22:45ak aldera, irakiten ari zen olioak zipriztindu zuen behargina: erredura larriak eragin zizkion buruan, gorputz-enborrean, besoetan eta hanka batean. Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten emakumea, oso larri zauriturik.

Hurrengo egunean, igandean, Zornotzako (Bizkaia) San Antonio auzoan izan zen istripu bat. Irauli egin zen 61 urteko gizonezko bat gidatzen ari zen traktorea, eta bertan hil zen behargina. Arratsaldeko 17:30ak aldera gertatu zen.

Urtea hasi zenetik, Euskal Herrian gutxienez 40 langilek galdu dute bizia soldatapean lanean, lanera bidean edo lanetik bueltan.